Portada
Larunbatean, Bilbon abiatuko da San Miguel Liga
Iritsi da eguna, datorren larunbatean, Uztailak 4, 2009ko TKE Ligako lehenengo estropada jokatuko da Bilbon. Telefonica Bandera – Bilbo Hiria Sari Nagusia XI. Estropada izango da eta 18:00etatik aurrera ekingo diote lanari. Traineruek hiru itsas miliako bidea egin beharko dute, 5.556 metro, lau luze eta hiru ziaboga, erlojupekoan. Igandean berriz, Portugaleten La Navaleko mendeurreneko bandera jokatuko da, 12:00etatik aurrera. Denboraldiaurrea ikusita, zazpigarren Liga hau inoiz baino berdinduago egongo dela dirudi, ia zer gertatzen den asteburuan...
Hastear da San Miguel Liga
Asteburu honetan emango diote hasiera Kantauri itsasoko 12 traineru onenek San Miguel Ligaren VII.edizioari. Emozioa izango da nagusi eta apustu egin nahi dutenek ez dute aukera faltarik izango.
Aurredenboraldian ikusitakoaren arabera, San Miguel Ligaren VII.edizioa inoiz baino parekatuagoa izango da. Talde guztiak prest daude bandera jaitsi eta irteera emateko eta Kiroljokoak ere lehen txanpa hori aprobetxatu nahi du apustu katalogo zabal eta anitza eskaintzeko.
Euskotren ligaren atarian, emakumeak sasoi betean
Joan den asteburuan, emakumezkoen estropada bana jokatu zuten Donostian eta Zumaian. Donostian, hiru traineruk neurtu zituzten indarrak, Zumaia, Getaria-Tolosa eta Astillero. Zumaian jokatutako estropadan berriz lau traineruk parte hartu zuten, aurreko hiru ontziak gehi Bizkaia. Bi estropadetan Getaria-Tolosa izan zen onena. Euskotren ligaren atarian, Getaria-Tolosako neskek sasoiko daudela erakutsi zuten. Ez ahaztu, Euskotren Ligaren hasiera Uztailak 11ean izango da Ogroven.
KAE-1 Ligan, Pasai Donibanek eta Santurtzik bandera bana
Asteburu honetan KAE-1 Ligako lehen bi estropadak jokatu dira. Larunbatean Donostian jokatutako estropadan Pasai Donibanek irabazi zuen eta igandeko Zumaiako estropadan Santurtzik. Honela bada, liga hasiera honetan Pasai Donibane dugu KAE-1 Ligako buru, Santurtzi bigarren eta Astillero hirugarren. KAE-2 Ligan berriz, Trintxerpek bere nagusitasuna erakutsi zuen, Donostian jokatutako estropadan.
Larunbatean, KAE-1 Liga hasiko da Donostian
Tolosako Batelak. San Juanak
Ekainaren 21ean izan ziren sailkapen estropadak eta, ekainaren 24ean, San Juan egunez finalak.
Javier Puertas-ek bere 25. Espainiako Txapelketa lortu dezake
Datorren asteburuan, Javier Puertas oriotarrak bere 25. Espainiako Txapelketa lortzen saiatuko da. Joan den asteburuan Euskadiko Txapelketa irabazi zuen eta datorren asteburuan Sevillan izango da, Espainiako txapelketa jokatzen. Bere arraun ibilbide luzean, makina bat garaipen baditu, klase eta mota guztietakoak, besteak beste 24 espainiako txapelketa, tostako arraunketan (batela, trainerilla, trainerua) eta arraunketa olinpikoan (modalitate desberdinetan). Ezin ahaztu munduko txapeldun ere izan zela 1979. urtean. Ikus bere palmares harrigarria. Astebururako zorte on guztia opa diogu. Txalotzekoa benetan bere ahalegina, eutsi goiari Javier!
TKE Ligako sari banaketa
Joan den ostiralean, TKEk San Miguel Ligako aurkezpen ekitaldia ospatu zuen Donostiako Kursaalean. Bertan iazko denboraldiko sari banaketa egon zen. Sarituak hauek izan ziren: Urdaibai traineru azkarrena, Gipuzkoako emakumezkoen selekzioa kirol meritua, Cabo da Cruz harrobi onena, Irakoitz Etxeberria patroi onena, Aitor Balda entrenatzaile onena, Castro estropada antolatzaile onena, Hondarribia talde onena eta Getxoko Udala Ohorezko Arrauna. Bejondaiela! Aurten nortzuk izango dira onenak?
Soustons, gure arraun olinpikoaren erakusleiho
Joan den igandean, Euskadiko aulki mugikorreko Txapelketa jokatu zen Soustons-en (Akitania). Goiz osoan zehar maila eta modalitate ezberdinetako estropadak burutu ziren, guztira 50 estropadatik gora. Arraun olinpikoaren jaialdi handia izan zen, zalantzarik gabe. Estropadetako emaitzak hemen ikusi ditzakezue. Datorren asteburuan, Ekainaren 26, 27 eta 28, jubenilak, absolutuak eta beteranoak, Sevillan jokatuko dituzte Espainiako Txapelketak. Uztailaren 10, 11 eta 12, infantilak eta kadeteak, Castrelo Do Miñon (Ourense) izango dute hitzordua.
Donostiarrako plantillak
Trintxerpe KAE-2 Ligako buru
Orio etxean nagusi
Atzo Orion jokatutako traineru proban, etxekoak izan ziren garaile. TKE ligako 4 traineru zeuden eta KAE-1eko beste 4. Orioren atzetik, Urolako beste bi traineru gelditu ziren, Zumaia eta Zarautz. KAE-1eko traineruen artean Santurtzi izan zen onena Orio-B, Hondarribia-B eta Ondarruren aurretik. Hona hemen estropadako emaitzak.
Larunbatean traineru proba Orion
Bihar larunbata, Ekainak 20, traineru proba jokatuko da Orion 13:30etatik aurrera. Ligak hasi aurretik, arraun taldeak azken prestaketak egiten ari dira eta lehiatzeko gogo biziz dabiltza. Larunbateko traineru proba honek, 4 luze eta 3 ziabogetako erlojupekoa izango da, Orioko zubitik hasi eta Ortzaika parean ziaboga. Taldeak ,minututik minutura, binaka aterako dira.
Euskadiko Outriggers Txapelketa
Datorren Igandean, Ekainak 21, 2009ko Euskadiko Aulki Mugikorreko Txapelketa jokatuko da Soustons-en (Akitania) 10:00etatik aurrera. 52 estropada jokatuko dira guztira. Bertan, Euskal Herri osoko 20 arraun elkarte arituko dira (7 Gipuzkoa + 9 Bizkaia + 2 Nafarroa + 2 Iparraldea). Orotara 185 ontzik (121 gizonezkoetan + 64 emakumezkoetan) parte hartuko dute eta 447 arraunlari (366 gizonezkoak + 111 emakumezkoak) arituko dira. Zenbakiek behintzat txapalketa handi bat izango dela erakusten dute, hala izan bedi!
Asteburu honetan, KAE-2 Liga hasiko da
Donostiarrako zuzendaritza berria, uztailaren 27an.
Donostiarra (Kaiarriba) klubeko zuzendaritza berria, uztailaren 27an egingo den Ezohiko Batzar Nagusian hautatuko da.
250.000€ TKE ligako traineru gipuzkoarrentzat
TKE motorrak berotzen
Datorren ostiralean, Ekainak 19, San Miguel Ligaren aurkezpen ekitaldia burutuko da Donostiako Kursaal-en, 19:30etatik aurrera. Bertan, 8 sari banatuko dira, iazko arraun denboraldian protagonista izan ziren kirolariei, hain zuzen ere. Bestalde, Ekainak 20 larunbata, 10:30etan hasita, TKE elkarteak batzarra burutuko du Donostiako Palacio de Aiete hotelean. Bertan jorratuko dituzten gaiak hemen ikusi ditzakezue. Azkenik, TKE elkarteak, Euskotren Emakumeen Ligaren webgunea abian jarri du dagoeneko. Bertan emakumeen ligari buruzko berriak luze eta zabal jorratuko dituzte. Taldeen osaketari buruzko xehetasunak Ekaina bukaeran jarriko omen dituzte webgunean.
Bidasoaldea nagusi Gipuzkoako aulki mugikorreko Txapelketan
Joan den igandean, Ekainak 14, 2009ko Gipuzkoako aulki mugikorreko Txapelketa jokatu zen Orion. Bertan Gipuzkoa osoko 8 talde aritu ziren lehian. Guztira 30 estropada jokatu ziren eta Bidasoaldeko bi taldeek 16 garaipen lortu zituzten. Garaipenak honela banatu ziren: Hondarribia (10), Santiagotarrak (6), Ur Kirolak (5), Donostia Arraun (5) eta Orio (4). Estropada guztien emaitzak hemen ikusi ditzakezue.
Kaiku nagusi Mutrikun
Atzo Mutrikun jokatutako denboraldiko bigarren estropadan, Kaiku nagusi izan zen. Urdaibai bigarren eta San Pedrotarrak hirugarren. Kaikuk Leketion ez zuen emaitza onik lortu eta atzoko estropadarekin arantza kendu zuen. Urdaibaik berriz, denboraldia aurrekoen artean egingo duela erakutsi zuen. Pasaitarrei dagokionez, Lekeitioko estropada onari jarraipena eman zioten. Bestalde, Hondarribiak eta Oriok ez zuten bere maila eman. Baina hau, hasi besterik ez da egin... Estropadako emaitza osorik gurean aurkitu ditzakezue.