Osteguneko sailkapena
“Begira begira nola, dijuan airean, Orioko txalupa olatu gainean” Horrela dio hainbat urtetan Orion kantatutako bertso zaharrak; baina osteguneko sailkapen estropadan ez genuen horrelakorik ikusteko aukerarik izan. ‘Mirotza’ ez zihoan ez airean, ez olatu gainean...
“Begira begira nola, dijuan airean, Orioko txalupa olatu gainean” Horrela dio hainbat urtetan Orion kantatutako bertso zaharrak; baina osteguneko sailkapen estropadan ez genuen horrelakorik ikusteko aukerarik izan. ‘Mirotza’ ez zihoan ez airean, ez olatu gainean. Poparean zuloan sarturik ikusi genuen (zuloan sartuta bai, baina hondoraturik, zanpaturik, burumakur, lur jota… ez). Olatu artean, hauen indarra behar den bezala ezin aprobetxaturik, mutilak eman eta eman, patroiak trainerua behar den bezala zuzendua ekarri eta hala ere ezin olaturik hartu. Dena den, ezin dezakegu esan gaizki bueltatu zirenik, baina ez irabazteko bezain ondo. Urkok ere bere abestian galdetzen zuen: “Zenbat olatu bakartiar galtzen dira?”
Eta hala ere bigarren sartu ziren Urdaibarekiko 12 segundo galduz (iaz gehiago izan ziren eta gero guztiok dakigu nork eraman zuen bandera). Hasieran aipaturiko bertso hori horrela amaitzen da: “Gu gera nagusi, gora oriotarrak” Oriotarrei irabaztea ez da sekula lan erraza izan, eta datozen bi igandeetan ere nahiko lan izango dute Orio atzean usteko.
Eta txanden zozketari buruz zer? Lehen txanda: Donostiarren erreferentziarik ez dugu eta agian sorpresa eman dezakete, baina ez dut uste; galiziarrak ez ziren inongo kinielan sartzen, eta begira non ditugun: denboraldi gris bati ginda jartzen; Hondarribiakoak gorantz doazela erakutsi zuten atzokoan, lan txukuna eginez, eta tradizioz bete behar duten lekua betetzen; Astilleroren beldurra ere nahikoa zabaldua zen, Kantabriatik mamua zetorrela, eta atzokoa behintzat ez zen itxaferoak botatzeko moduko estropada izan. Baina kontuz hauekin, mamuak beti mamu.
Bigarren txandari dagokionez, printzipioz abantaila bat izan dezeketela iruditzen zait: lehen txandakoen denborak ezagutuko dituzte. Hemen laurek erakutsi dute nolako gaitasuna duten, laurek badakite zer den banderak astintzea.
Eta bi txanden hausnarketa hau egin eta gero egia bakarra eta borobila, “berdaderoa” bat da: irabazi nahi duenak gogor eman beharko duela, baborrean eta estriborrean nor dagoen inporta gabe, nor doan lehen ala bigarren txandan kasurik egin gabe. Kontzentrazioa, eta lehen mailako kirolariak direla erakutsiz. (Usain Bolt-i berdin zaio laugarren edo boskarren kaletik korrika egin; berdin zaio Asafa Powell-ek noiz korritu duen eta zer denbora egin duen, txapeldunak badaki une oro zer egin behar duen)
Agian garrantzitsuena nerbioak kontrolatzen jakitea izango da, tentsio horrekin bizitzen ikastea. Traineruetako gaztetxoek gizon bihurtzeko aukera dute, Kontxako bandera baitago jokoan, ez gehiago eta ezta gutxiago ere.


