Arrauna eta aizkora
Mundu guztia igandekoari begira dagoen honetan, eta urte guztian itsasorik ikusten ez dutenak ere arraun "aditu" bihurtzen diren honetan, arrauna beste euskal herri kirol batekin konparatu nahi dut: aizkolaritzarekin. Nik hemen esandakoen ondoren, espero dut jendeka pagoa eta itsasoa elkarren ondoan ikustea...
Mendiko pago, lizar, haritz, pinu, etab.en artean hazi eta hezi garen lehorrekook ondo asko bereizten ditugu bakoitzaren hostoak, azalak eta egur-koloreak. Txikitatik arraunean dabilenak ur korronteak, mareak, haizeak, olatuak, etab. ondo ezagutzen dituen moduan. Bakoitzak dakienaz hitz egin beharko luke akaso eta nik ez dakit ezer asko, ez arraunaz ezta aizkoraz ere, baina aizkora txikitatik gertuagokoa izanik, bien arteko konparazio bat egiten saiatuko naiz.
Komentatu nahi dudan lehenengo puntua kirol saio bakoitzaren iraupena da. Arraunean, estropada normal batek 20 minutu irauten du. Aizkoran ere iraupena nahiko antzekoa izaten da saio askotan; ideia bat egiteko, 10 kanaerdiko lan bat egiteko puntako aizkolari batek behar duen denbora da 20 minutu. Kirolaren izaerari erreparatuz gero ere, badute antzekotasunik. Bietan, gizakia naturaren kontra ari da, teknika ezinbestekoa da eta gizakia berak egindako herramintekin ari da. Kirolariaren ezaugarriei dagokienez ere bada parekotasunik. Bietan pertsona indartsuak behar dira, bietan da garrantzitsua indarra eta teknika, eta bietan dute berebiziko garrantzia gerriaren eta besoen lanak. Erritmoari dagokionez ere antzekoak direla esan daiteke: 50 bat paladatara irtetzen dira traineruak; aizkolariak berriz 50 bat kolperekin hasten dira, eta gero erritmo hori 40 ingurura jaisten dute. Alderaketa honekin amaitzeko apustua aipatu nahi nuke: bietan da garrantzitsua apustua. Zer da estropada bat apustu edo norgehiagoka gabe? Eta zer aizkora saio bat apusturik gabe? (pena izan arren, aizkoran gehiegitxotan egiten dira erakustaldi-saioak).
Antzekotasun horiek guztiak horrela badira ere, egun, bada ezberdintasun garrantzitsu bat. Aizkora duela 20 urte baino maila baxuagoan dago eta arraunak berriz asko hobetu du. Aizkoraren kirol izaera gutxi garatu da eta arrauna berriz, profesionaltze bidean doa. Horregatik, aizkorazale porrokatua eta arraunzale handia naizen aldetik, pena ematen dit nire kirol maite baten etorkizuna bestearen bezain ona ez dela ikusteak. Espero dut, guztion artean, arraunaren bidetik aizkorak ere aurrera egingo duela. Pagoa eta itsasoa Euskal Herri beraren anai baititugu.
Trackback (URI)
-
Residential Garage Doors
:
Residential Garage Doors
Im just curious to know if other users actually get it? The point behind this article. Please i encourage anyone to email me and let me know. I check it my mail everyday. Thanks! Signed this Day Tuesday



Bien egungo egoeraren faktore batzuk
Aizkolaritza arrauna bezala zergatik garatu ez den aztertzeko arrazoi batzuk bururatzen zaizkit.
Alde batetik, bata kirol indibiduala eta bestea taldekakoa dira, hor dago kirol "minoritario" bat "semi-profesional" bihurtzerako orduan pixua duen ezaugarri bat.
Arraun taldeek herriak ordezkatzen dituzte, herriaren izena darabilte (salbuespenak salbuespen: tiran, cabo, "urdaibai"..) eta herritarrak arraun taldearekin identifikatzen dira (laguntzen du behintzat).
Bestalde herri bakoitzeko traineruaren inguruan 25-35 pertsona ibiltzen dira (arraunlari, laguntzaile, delegatu..). Hauen guztien ezagun, lagun, familiarteko askori ere interesa pizten zaio traineru horrekiko. Zeinek ez dauka (batez ere kostako herrietan) ezagunik traineruan edo bere inguruan? Kirolarekiko gertutasuna sortzen du jende askoren artean. Guzti honekin abantaila du arraunak aizkolaritzarekiko.
Honez gain, aizkolaritzak euskal herria du muga, Australia, Amerika etab.-etako hartu emanek ez baitute oihartzun handiegirik izan (ezta?). Traineruen fama berriz Cantabria eta Galiziara ere iristen da (nahiz eta kostaldean izan indar gehien), esponsorrentzat interesgarriagoa bihurtuz
.
(Hala ere, argi dago kirolak berak espektakulua ematen ez badu alperrik direla aurreko kontu guzti horiek eta hori subjetiboa da, ezin baita esan aizkolaritza baino espektakularragoa denik. )
Arrazoi hauek, zerbeza markadun liga eta azken urtetako polemika morbosoak tarteko, esponsor gehiago iritsi eta telebistako emanaldiak Cantabria eta Galiziara zabalduz joan dira, gaur egungo "semi-profesional"tasun hontara iritsiz.
Ezinezkoa da kirol minoritario baten suspertze eta bestearen "nahi ta ezin" hori eragin duten faktore guztiak aztertzea baina hauetatik pixua duten batzuk aipatu ditutelakoan nago.
Ondo pasa zak iganden!