Euskal Pastela!
Aspaldiko partez, adiskide arraunlariarekin berriketan izan nintzen, atzo, iluntze partean. Arratsalde haizetsuetan ez dago jertserik gabe barra muturrean egoterik. Hurrengorako ikasi dut lezioa. Baina, atzo, ezin etsi kontrarioen maniobrak aztertu gabe, asteartea jai egun bakarra izanagatik. Ez zen, ordea, trainerurik pasa. Halere moldatu ginen inork gairik jarri gabe. Bateren batek belarria ondo gorrituta izango du gaur. Ez genuen intentzio txarrez egin. Ezta intentzio onez ere.
Bidean harrituta utzi ninduen, bigarren hilaran autoa utzi eta okindegira sartu zenean. Ez ninduen harritu autoa bigarren filan utzi izanak. Okindegira sartzeak bai, ordea: Euskal Pastela paperean bilduta atera zen adiskide arraunlaria. Momentuan jateko zela esan arren, paperean bildu zion etxekoandre zintzoak. Di-da batean irentsi zuen, momentuan jateko zelako astearte buruzuri batean bere buruari egin zion oparia.
Denboraldia hasi berrietan Euskal Pastela jatea, oparia baita arraunlarientzat. Gizarajoak, matrail-hezurra bistan ikusten ditut herriko arraunlariak. Ezpainak eta belarriak besterik ez zaizkie ikusten. Gazteak eta beteranoak, patroia eta gerri-gerrian joaten direnak, denak gosetuta. Bi letxu hosto eta gelatina. Arraina labean eta bainak. Makarroiak estropada egunean. Ez omen dute besterik jaten. Neguan hamar kilo hartzeko habilidadea duen beste adiskide arraunlari batek binaka irensten ditu txokolate tabletak. Aspaldian umorea galduta ibiliko da gizona. Hark ez du, seguru aski, Euskal Pastelik aspaldian dastatu.
"Pastela... uretan zakau guk pastel ederra!". Hala esan dit gaur, bere buruari okindegira sartzea galarazi dionak. Amorrazioak janda dabil mutila. Barkatu, janda balitz, gaitzerdi!



Einnnnnnnnnnnnnnnnnn ????