Javi Polo, Urdaibaiko arraunlaria: “Eraikitze lanetan dagoen taldea gara, egunero hobetzen doana, eta horregatik lasai gaude. Presioa Kaikukoentzat da”
2010eko Kontxako Bandera nork eramango duen jakiteko egun gutxi falta direnean, Javi Polo Urdaibaiko arraunlari beteranoarekin mintzatu gara. Kaikurekin duten norgehiagokaz aritu gara eta estropada aurreko egunak zelan bizi dituen galdetu diogu.
Estropanet: Domeka honen ostean, Kaikutik segundo bi baino gutxiagora zaudete. Zelan ikusten duzue zuen burua finalerako?
Polo: Ilusioz beteak. Argi dago Kaiku dela faboritoa, baina estropadak arraun egin behar dira eta horregatik guk gure maila hoberena ematen saiatuko gara ia zer gertatzen den.
Estropanet: Zelan bizi ari zarete aste hau?
Polo: Lasaitasunez. Gu eraikitze lanetan dagoen talde bat garela badakigu, egunero hobetzen doana, eta horregatik lasai gaude. Presioa beraientzat da.
Estropanet: TKE ligan goian egonda eta Urdaibaik Kontxa eskuratzeko betiko faboritoetakoa izanik, ez al duzue motibazio plus bat?
Polo: Egia esan gu oso pozik gaude bai ligan bai Kontxan egiten ari garen lanarekin eta biak irabazteko aukera dugula ikusteak edonor motibatzen du.
Estropanet: Zer esan nahi du Kontxako estropada zuretzako?
Polo: Zer esango dizut nik…? Ba edozein arraunlariren helburua. Zortzi urte nituenetik daramat arraunean eta beti izan da nire ametsa estropada hau irabaztea. Uste dut tokatzen zaidala (barreak).
Estropanet: Liga begiratuta, zelan ikusi duzue denboraldia ?
Polo: Kontxako estropada eta txapelketari begira hasi ginen denboraldia eta egia esan nahikotxo kostatu zitzaigun konpetizioetarako taldea bateratzea, baina azkenean ligan zentratu ginen eta uste dut nahiko ondo ari zaigula ateratzen.
Estropanet: Esan duzu aundino talde bezala bateratzen ari zaretela. Orduan datorren urtean zer?
Polo: Talde bat, eta are gehiago maila hauetan, gutxienez bi urte behar ditu ehuneko ehunean elkartu eta prestatzeko. Hauxe izan zen Jose Manuel Franciscok esan zigun lehendabiziko gauza eta egia dela uste dut. Kaikuk adibidez hiru urte daramatza…
Motxean:
- Desiorik? Kontxako estropada irabaztea
- Kolorerik? Algortako gorria baina gaur egun argi eta garbi urdina nahiago dut (barreak)
- Patroi bat? Arego
- Ametsik? Nire neskalagunarekin belaontzi batean itsasoan galtzea
- Traineru bat? Beti gustuko izan dut Orio


