Hemen zaude: Hasiera Berriak
 
Dokumentu Akzioak

Berriak

Hondarribia "Erkideentzako Espainiako VI.Txapelketa"n jardungo da 2010/03/09

Hondarribia ikurriña

Asteburu honetan, aulki mugikorreko "Erkideentzako Espainiako VI.Txapelketa" jokatuko da Castrelo do Miñon (Ourense). Aurreko igandean Orion jokatu zen 8+absolutu mutilen mailan Hondarribia izan zen azkarrena eta beraz, Galizian aritzeko txartela lortu zuten berdeek. Euskal selekzioa ordezkatuko dute proban. Espainiar estatuko autonomi erkidegoko selekzioak arituko dira bertan. 700 arraunlariren presentzia espero da. Negu denboraldiko proba garrantzitsuenetarikoa dugu Ourensekoa.

Hondarribiko neskak "The Women's Eights Head of the River Race 2010" proba ospetsuan 2010/03/08

Hondarribiko nesken zortzikoa
Datorren larunbatean, Hondarribiko aulki mugikorreko nesken zortzikoak "The Women's Eights Head of the River Race 2010" proba ospetsuan parte hartuko du Londonen. Arratsaldeko 15:00etan emango zaie hasiera (hemen 16:00etan). Bigarren urtez jarraian arituko dira Tamesis ibaian eta Euskal Herriko eta estatu mailako ordezkari bakarrak izango dira. Nazioarte mailan prestigioa handia duen proba da eta beste herrialdeko taldeekin lehiatzeko aukera izango dute hondarribitarrek. Partaidetza handia izango da. 300 ontzik eman dute izena. Guztira 2.700 arraunlari arituko dira. Aurreko urtean 14.postuan amaitzea lortu zuten eta ikusita zer nolako maila dagoen, sekulako lana egin zuten gipuzkoarrek. Hondarribitar ontzia Ainitze Illarramendi, Mar Bosch, Irati Arrizabalaga, Maialen Arrazola, Estibaliz Gesala, Lourdes Guillen, Amaia Gezala eta Maialen Arrizabalaga arraunlariek osatzen dute. Ordezko arraunlariak Amaia Arrizabalaga eta Nerea Seijo izango dira. Lemazain lanetan Borja Jorge arituko da. Goi mailako nazioarteko estropada batean lehiatzeko aukera izanda, lan txukuna egitea izango dute helburu.

.

Hondarribiren garaipena aulki mugikorrean 2010/03/07

Donostia arrun lagunak aulki mugikorra

Gaur goizean Orion jokatu den Aulki Mugikorreko Euskal Ligako 4.jardunaldian Hondarribiak lortu du garaipena mutilen zortzikoen absolutu mailan. Bigarren postuan Santigoatarrak taldea sailkatu da hamar segundora. Etxekoak, hirugarrenak izan dira eta laugarrenak eta azkenak Donostia Arraun Lagunak. IX. nesken absolutu mailan Ur Kirolak kluba izan da azkarrena, Getxo Arraun eta Santiagotarrak "A" taldeen aurretik. Estropada honetan partaidetza nahiko murritza izan da, jubenilak eta seniorrak bakarrik jardun baitira. Bestalde, nabarmentzekoa izan duten eguraldi paregabea. Emaitzak eta sailkapenak.

Mundaka "A" nagusi Bizkaian 2010/03/06

batelak bizkaia

Giupuzkoan ez dena gertatzen Bizkaian ematen da. Senior mutilen mailan talde ezberdinek lortzen dute garaipena, eta gaurkoan Mundaka "A" batela izan da onena. Aurreneko bi jardunaldietan Deustu "A" taldea izan zen azkarrena. Hirugarrenean, Kaiku "B" eta gaur arratsaldean jokatutako jardunaldian mundakarrak atera dira garaile. Jubenil mutilen mailan Ondarru "A" lortu du garaipena. Jubenil/Senior nesken mailan Kaikuk lortu du gailentzea. Nesken kadete mailan, batel bakarra atera da, Karmeleko Ama. Kadete mutil mailan ere senior mailan bezala, Mundaka "A" batela izan da azkarrena. Infantil mutilen mailan ondarrutarrak izan dira onenak eta Infantil misto mailan, Kaiku. Emaitzak eta sailkapenak.

Mutrikuk ez du areriorik 2010/03/06

Batelak Trintxerpen 2009

Bi jardunaldi jarraian estropadarik jokatu gabe egon eta gero, batelek arraunari ekin diote berriro Trintxerpen. Gauzak ez dira asko aldatu eta horren erakusle Mutrikuk lortutako garaipena. Senior mtilen mailan areriorik ez dutela argi uzten ari dira. Bigarrenari, Kirikori, 20 segundo atera dizkio. Alde handia batelak izateko. Jubenil mutilen mailan aldiz, Illunbe izan da azkarrena. Hasiera batean kanporatuak izan dira baina gero  epaileek egoera hausnartu ondoren, garaipena ontzat eman diote.Tolosaldea "A" taldearekin lehia estua izan dute eta segundo baten aldearekin gailendu dira moreak. Nesken senior/jubenil mailan Tolosaldeak lortu du garaipena. Sanjuandarrei segundo bakarra atera die. Kadete mutilen mailan etxekoak gailendu dira, Getaria "A" batelaren aurretik. Infantil mutilen mailan Pasai Donibane "A" taldeak irabazi du eta nesken haur mailan Hibaikak. Emaitzak eta sailkapenak.

Castroko estropada jaitsiera hurrengo igandean jokatuko da 2010/03/06

castro.gif

Castroko estropada jaitsiera hurrengo igandean ospatuko da. Itsaso txarra iragarrita dagoenez, Castro Arraun Elkarteak hurrengo igandera pasa du estropada. Ordu eta estropada eremu berean jokatuko da jaitsiera. Hurrengo asteburua libre aurkitzen zenez, ez dute arazo handirik izan data aldatzeko.

Pasaiaren dilema 2010/03/05

Illunbe Trintxerpe

Pasaiako Udaletxeak, arrauna sustatzeagatik eman dituen diru laguntzek eztabaida sortu dute Pasaian eta batez ere, Illunbe Arraun Elkartean. 2009an burututako ekintzen baitan banatuko den diru sorta San Pedrok eta San Juanek jasoko dute soilik. Trintxerpek ez du ezer jasoko. Pasaia herri bat da, udaletxe bat dauka baina lau barrutik osatzen dute: Pasai San Pedro, Pasai Donibane, Pasai Antxo eta Trintxerpe. Nahiz eta barrutiak izan, gauza askotarako herri bezala funtzionatzen dute. Eta arraunean herri ezberdinak dira. Antxok ez du Arraun Elkarterik baina beste hiruek, ordea, bai. Orduan nola banatu dirua Arraun Elkarteen artean? Gauza asko hartu behar dira kontuan. Kluben egoera aztertu eta egoera bere osotasunean baloratzea ezinbestekoa da. Azalean geratzeak ez gaitu inora eramango. Eragile eta faktore dezente hartu behar dira kontuan. Historian zehar eta gaur egun ere, San Pedro eta San Juan izan dira klub garrantzitsuenak. Bi taldeen palamaresak horrela berresten du. Illunbe, aldiz, XX.mende bukaeran eta XXI. mende hasieran izan ditu garai onenak. Zaletasunaren aldetik ere, morea eta arrosa gehiago ikusten dira Trintxerperen urdina eta txuria baino. Esan dezakegu Trintxerpe iritsi berria dela arraunaren mundura baina horrek ez du esan nahi aukera gutxiago izan behar duenik. San Pedro eta San Juanek egitura handiagoa dute. Hala ere, ez diote ezer oparitu eta lana gogotik egin behar izan dute goi mailara iristeko. Illunbe Arraun Elkartea egiten ari den lana ere goraipatzekoa da eta aurreko denboraldian lortutako igoerak argi eta garbi erakusten du lanean gogor ari direla. Harrobian ere emaitza onak lortzen ari dira. Hori ez bada arrauna sustatzea esango digute orduan udaleko jaun-andereek zer den hori. Trintxerpek diru laguntza izan behar du epe motzera bideragarria izateko. Proiektu berri bat eraikitzen ari dira eta horretarako ezinbestekoa du laguntza. Baina aldi berean Illunbeko zuzendaritzako kideek proiektu sendo bat egiten ari direla erakutsi behar dute eta oraingoz horrela demostratu dute. Pasaiako udalak hartu behar dituen erabakietan ez gara sartuko baina denek merezi dute laguntzaren bat. Berdina ez. Baina zertxobait bai.

 

Muga bat gutxiago 2010/03/04

P3050442.JPG

Gipuzkoak eta Iparraldeak muga bat gutxiago izango dute gaurtik aurrera. Gipuzkoako Arraun Federazioak eta Frantziako Arraun Federazioaren 64 Batzordeak hitzarmena sinatu dute, Iparraldeko Arraun Elkarteek Gipuzkoako batel eta trianerilla ligetan parte hartu ahal izateko. Lankidetza hitzarmena gaur arratsaldean sinatu dute bi federazioek Euskal Gastronomia Anaiartek Donostian duen egoitzan. Oso pozik agertu dira bi parteak eta elkarlan honekin tostako arrauna garatzeko aukera paregabea izango dute Lapurdin. Gipuzkoako Arraun Federazioko presidenteak, Iñigo Alkainek, argi utzi nahi izan du urte dezente daramatzatela akordioa lortu nahian."Hainbat urte elkarlanean aritu eta gero, akordio batera iritsi gara Frantziako Arraun Federazioko 64 batzordearekin eta alde horretatik oso pozik gaude zeren eta arraunaren garapenean pauso handia izango dela uste dugu. Esker mila guztioi eta batez ere, Ur Joko eta Endaika taldeei". Iñaki Galdos, Gipuzkoako kirol diputatuaren arabera urrats handia eman dute bi federazioek."Mugaz gaindiko lana dela esatea ez da komeni zeren eta mugarik ez dago baina sinatutako lankidetza hitzarmena aurrerapauso handia da arraunarentzat". Kirola adibide garbia dela azpimarratu du."Kirolaren arloan lortzen ari dena ez da beste bizitzako arloetan lortzen eta horrek erakusten du posible dela harremanak izatea ondokoarekin gauza amankomun bat sustatzeko eta garatzeko". Iparraldea eta hegoaldea gertuago egongo dira arraunean.

Batelak Gipuzkoan eta Bizkaian 2010/03/04

Batelak trintxerpen

Larunbatean, Gipuzkoako eta Bizkaiko Batel ligako 5.jardunaldiak jokatuko dira Trintxerpen eta Sestaon. Aurreko asteko jardunaldiak bertan behera geratu ziren ziklogenesiarengatik. Oraingoan ematen du ez dela arazo handirik egongo jardunaldia ospatzeko. Bi estropada eremuak barrualdean aurkitzen dira eta horrek aukera gehiago emango ditu estropadak jokatzeko. Gipuzkoan, hirugarren estropada izango da batelentzat. Lehengo astekoa eta Kontxan jokatu behar zen jardunaldia suspenditu egin zen eguraldia txarrarengatik. Bizkaian, aldiz, laugarren estropada izango da. Negu gogorra izaten ari da arraunarentzat. Udaberria ate joka dugu eta espero dugu hemendik aurrera arazo handirik ez izatea.

Santi Zumaran, Isuntzako presidentea:"Arraunean dena ez da dirua" 2010/03/03

Santi Zumaran

Arrauna maite eta sentitzen duen pertsona da. Kirol hau inor baino hobeto ezagutzen du. Urte dezente daramatza arraunaren munduan eta duen esperientzian oinarrituz, argi du krisi ekonomikoak beste taldeei gehiago eragingo duela. Euskadiko Irratiko Tostartean saioan eginiko adierazpenetan, lekeitiarra pozik agertu da klubean egiten ari diren lanarekin."Gu pozik gaude Isuntzan egiten ari garen lanarekin, pertsona onak ditugu eta gogotsu gaude denboraldi berri bati hasiera emateko". Isuntza harrobia lantzen duen kluba da eta ondorioz zaila du botere ekonomiko handiagoa duten taldeekin lehiatzea."Harrobia erabiltzea eta lantzea zaila da baina krisia hor dago eta klub batzuetan eragin zuzena izango du. Guri aldiz, kontrakoa. Dena ez da dirua, garrantzitsuena Isuntza Arraun Elkartea osatzen duten pertsonak dira. Zer duzun eta non zauden aztertzea eta baloratzea da axola duena" azpimarratu du.

Estropada jaitsiera Castron 2010/03/02

Castro jaitsiera

Igande honetan, Castroko estropada jaitsiera jokatuko da. Aurreko astean haize boladen ondorioz, Oriako traineru jaitsiera bertan behera geratu zen. Horrela, traineruek aukera izango dute asteburu honetan indarrak neurtzeko. Goizeko 11:30etan hasiko da. Estropada eremuak 6050 metroko luzera izango du. Castroko badian ospatuko da, portu barruan. Dagoeneko 25 taldek eman dute izena. Izen emateko azken eguna ostirala izango da. Antolatzaileek traineru kopurua igotzeko itxaropenarekin daude. Espero dugu eguraldiarekin arazorik ez izatea. Parte hartzaileak oraingoz:

Igandean Orion, Aulki Mugikorreko Euskal Ligako 4.jardunaldia 2010/03/01

mugikorra hondarribia

Igande honetan, Aulki Mugikorreko Euskal Ligako 4.jardunaldia jokatuko da Orion. Goizeko 8:30etan emango zaie hasiera. Aurreko jardunaldian, Irunen jokatutakon estropada gehienak bertan behera geratu ziren eguraldi txarragatik. Estropada eremuak 1.500 metroko distantzia izango du Oria ibaian. Modalitate ezberdinetan jardungo dira taldeak. Jubenilak eta absolutu mailakoak arituko dira bakarrik. 4x abs mutilak, 8x abs mutilak eta 8 abs nesken probek Espainiako Txapelketarako eta "Open de las Naciones" probarako sailkatzeko baliogarriak izango dira. Izen emateko azken eguna martxoaren 3a, asteazkena da. Modalitateak:

Gaur erabakiko da Oriako Traineru Jaitsiera jokatu ala bertan behera uztea 2010/03/01

Orio jaitsiera

Gaurko bileran erabakiko dute Orio Arraun Elkarteko kideek Oriako Traineru Jaitsiera jokatu edo bertan behera uztea. Eguraldia dela eta suspenditu egin zen estropada. Egutegia aztertu eta ze aukerak dauden ikustea da eginbehar nagusiena. Asteburu honetan, Castron jokatuko da estropada jaitsiera eta hurrengoak Deuston eta Astilleron. Azkeneko hauek martxoaren 20 eta 21ean ospatuko dira. Bi asteburu barru aldiz, libre geratzen da. Hala ere, estropada dezente izateak arazo dezente ekar ditzake klubentzat. Gainera Orio Arraun Elkartearen egoitzan lanean hasiko dira hilabete honetan. Aukera guztiak aztertu ondoren adostuko da.

Mila jarraitzailetik gora facebook-en 2010/02/28

Estropazaleon topagunea

Sei hilabete igaro dira facebook-eko kontua sortu genuenetik eta mila jarraitzailetik gora lortu ditugu dagoeneko. Arraunzaleon topagune bihurtzea zen gure helburua eta pixkanaka zuei eskerrak lortzen ari gara. Irakurle hori, facebook-eko kontu bat baduzu eta oraindik gure jarraitzaile ez bazara, animatu hementxe duzu aukera. Zuen iritziak eta erantzunak ongi etorriak izango dira.

Gipuzkoako kiroletako zuzendaritzaren oharra 2010/02/26

OHARRA: Bertan behera uzten dira eskola kiroleko lehiaketak Gipuzkoan, larunbateko 15:00etatik (otsailak 27) igandeko 15:00etara (otsailak 28).
Datorren astebururako iragarrita dauden haize bortitzen aurreikuspenak kontuan hartuz eta Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako Zuzendaritzaren argibideei jarraituz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaritza Nagusiak erabaki du bertan behera uztea Eskola Kiroleko Programan sartuta dauden  hainbat lehiaketa jarduera, zehazki, 2010eko otsailaren 27ko 15:00etatik (larunbata) otsailaren 28ko 15:00etara (igandea) bitartean aurreikusitakoak.
Halaber,  Kirol Zuzendaritza Nagusiak gomendatzen die Gipuzkoako federazioei eta kirol entitateei  bertan behera uzteko, ahal duten neurrian, aipatutako orduetan aurreikusita dauden gainerako kirol lehiaketa eta jarduerak, batez ere, kanpoan eta haizea dabilen lekuetan egin beharrekoak.
Mesedez jakinarazi  erabaki hau parte-hartzaile, klub, ikastetxe eta gainerako kirol eragile guztiei. 


 
Donostia-San Sebastián, 2010eko otsailaren 26an.

KIROLETAKO ZUZENDARITZA

Ezin denean ezin da 2010/02/26

Orio palka.JPG

Ziklogenesi lehergarriaren eraginez, Oriako Traineru Jaitsiera bertan behera geratu da. Ematen du eguraldia gure kontra jarri dela eta nola gainera. Arraunarentzat negu gogorra izaten ari da. Estropada eta jardunaldi dezente suspenditu dira. Batzuetan ondo hartutako erabakia eta beste batzuetan gaizki adostutakoa. Aurreikuspenen arabera mugitzeak hori dakar. Aurreko astean adibidez, 3 metroko olatuak zeuden iragarrita eta azkenean ez zen hainbesterako izan. Kontxan ospatzekoa zen batel jardunaldia ez zen jokatu eta jokatzeko moduan zegoen. Baina aurrena arraunlarien eta ingurukoen segurtasuna bermatzea da. Eta Oriako Traineru Jaitsierako antolatzaileek erabaki zuzenena hartu dute. Agian bihar, 15:30etan jaitsiera burutzeko arazorik ez dago baina ezin dena da sekulako mobilizazioak eragin gero haizeak hankaz gora uzteko dena. Ikuskizun polita ikusteko aukera zegoen baina ezin denean ezin da. Lehenengo pertsonak dira eta gero arrauna eta ez alderantziz.

Oriako Traineru Jaitsiera suspenditua ziklogenesi lehergarriagatik 2010/02/26

Orio airetik

Biharko iragarrita dauden haize bortitzen ondorioz, Orio Arraun Elkarteak jakitera eman du Oriako Traineru Jaitsiera bertan behera geratuko dela. Eusko Jaurlaritzako Larrialdietako Zuzendaritzaren argibideei jarraituz estropada ez jokatzea erabaki da. Herrizaingo sailak alerta gorria ezarri du ziklogenesi lehergarria dela eta. Gainera, bihar arratsaldean kalera ez irtetzeko eskatu dute.

Bizkaiko Batel jardunaldia bertan behera 2010/02/25

Larunbatean ospatzekoa zen Bizkaiko Batel jardunaldia bertan behera geratu da. Haize boladak direla eta jardunaldia ez jokatzea adostu du Bizkaiko Arraun Federazioak. Hurrengo ostegunean erabakiko da jardunaldia beste egun batean ospatzea edo behin betiko suspenditzea. Zaila izango dute astebururen bat libre aurkitzea, hala ere, datorren astean jakingo da.

Batelak Gipuzkoan eta Bizkaian 2010/02/25

Batelak Mundaka

Larunbatean, Gipuzkoako eta Bizkaiko Batel Ligako 4.jardunaldiak jokatuko dira Errenterian eta Sestaon. Bi estropadak arratsaldean ospatuko dira. Bizkaian, batelek 4.garren proba izango dute. Gipuzkoan adliz, 3.garren proba izango da. Aurreko asteko jardunaldia bertan behera geratu zen Gipuzkoan eguraldiagatik. Donostiako badian jokatu behar zen jardunaldia suspenditu egin zen. Errenterian, ibaian burutuko dira estropadak eta baldintza hobeetan jarduteko aukera izango dute batelek. Sestaon, Kaiku B batelak lehengo astean erakutsitako maila errepikatu nahiko du. Euria iragarrita dago baina jardunaldiak jokatzeko ez da arazorik egongo.

Oriako XVI. Traineru Jaitsiera: Irteera eta Ordena ofiziala 2010/02/25

Libia Oriako estropada jaitsiera

68 ontzi jardungo dira Oria ibaian. Horretarako Orio Arraun Elkarteak estropada era egokienean burutzeko eta partaideen segurtasuna bermatzeko gomendio batzuk igorri ditu:

1.- Autoak eta karroak ipintzerakoan antolatzaile lanean ari direnei kasu egitea.

2.- Une honetan betiko Pontoia erdibituta dugu eta onek ekar ditzakeen arazoak gainditzeko Antolatzaileen aginduak betetzea eskatzen da, bati bat traineruak uretara botatzerakoan, ahalik eta denbora gutxiena pasa dezan.

3.- Beroketak egiterakoan eta Traineru jaitsieran ezin izango motorrik ( zodiac) erabili. Beraz ez ekarri.

4.-  Proba hasiera baino bost minutu lehenago Traineru guztiak Irteera inguruan egon behar dute.

5.- Traineru bakoitzak gutxienez bere irteerako ordutegia baino minutu bat lehenago irteera ematen ari direnen aginduetara prest izan beharko du.

6.- Traineruaren bat bere ordutegian irteera ematerakoan ez baldin badago prest irteera emango zaio, hau da denbora martxan izango du.

Irteera eta ordena:

 

Azken erantzunak
Sokoa, Getaria. Batelen parteartzea
Erabiltzaile anonimoa, 2010/03/11
Non: Mutrikuk ez du areriorik
san pedro
Erabiltzaile anonimoa, 2010/03/08
Non: Mutrikuk ez du areriorik
Illunbe
Erabiltzaile anonimoa, 2010/03/08
Non: Mutrikuk ez du areriorik
argazkiak
Erabiltzaile anonimoa, 2010/03/08
Non: Hondarribiren garaipena aulki mugikorrean
Aulki Mugikorreko 4.jardunaldia
xabisasa, 2010/03/08
Non: Hondarribiren garaipena aulki mugikorrean
Gehiago...
 

Plonerekin eginda

Gune hau hurrengo estandarretara egokitzen da: