Igor Makazaga: “TKE eta KAE ligen arteko aldea urtetik urtera gero eta haundiagoa da”
Koxtapeko arraunlariari elkarrizketa:
Pasai Donibane Koxtapeko arraunlari beteranoetakoa dugu Igor Makazaga. Castron eta Zumaian ere ibilitakoa da baina San Juan du bere bihotzeko taldea. Urte batzuk behean eman dituzte baina goranzko bidea hartu dute eta aurten TKEra igotzeko playoff-etan sartzeko helburua dute. Donibaneko gazteak gogotsu dabiltza eta motibazio haundiarekin. Ia laister ohorezko mailan ikusten ditugun!
TKE eta KAE ligan ibilitakoa zara. Zer alde dago bien artean? Non nahiago duzu arraun egitea?
Aldea urtetik urtera gero eta haundiagoa da. Entrenamenduei dagokienez ez dago alde handirik, baina TKE liga mediatikoki askoz ere hedapen handiagoa dauka eta horrela TKE-n egiten den lana sarituagoa izaten da. Talde gaztea dugu eta gogo handiak dauzkate ohorezko mailan aritzeko.
Aurreko denboraldian KAE-1 ligan 4. gelditu zinaten. Zein da egiten duzun balantzea? Zer duzue hobetzeko?
Balantzea oso ona izan da. Aurtengoa gure 3. urtea izango da KAE-1 ligan, taldea berritzen ari gara eta talde gaztea dugu. Hau kontutan hartuta lan duina egin dugula uste dut. Gainera gazteak gero eta ardura gehiago hartzen ari dira, beraiek dira taldeko blokea eta beraien hobekuntzak taldearen hobekuntza ekarriko du. Fitxaketak egin ezin dugunok, zikloka aritzen gara, urte batzuk behean eman ditugu eta orain goranzko bidean gaude.
Aurtengo denboraldirako zeintzuk dira Koxtaperen helburuak?
Orain dugun goranzko bidea jarraitu eta playoff-ak jokatu nahiko genuke. Horretan jarriko dugu gure gogoa eta motibazioa. Badakigu zaila izango dela talde asko egongo garela lehian, gu baino baliabide hobeak dituztenak gainera, Donostia, Santurtzi, baina gure helburua horixe da.
Orain arte hiru taldeetan aritu zara arraunean, Pasai Donibane, Castro eta Zumaia. Zein da talde hauen arteko aldea?
Talde bakoitzak estilo propioa dauka. Leku guztietan baliabideak ez dira berdinak eta horrek estiloa markatzen du. Egia esateko neri pertsonalki ondo etorri zait, lan egiteko era ezberdinak ikusi ditut eta asko ikasi dut.
Pasai Donibane Arraun tradizio handiko herria da. Gaur egun arraun zaletasuna mantentzen al da?
Bai noski! Eta hori dauzkagun arraunlarietan ikusi daiteke. Infantil, kadete eta jubenilen artean 40 mutil badaude. Eta seniorretan 15-20 mutil badauzkagu, herrian arraun egiteko poz hori dutenak. Noski San Juan herri txikia da eta bailara osoko jendea ere etortzen da guregana: Lezo, Errenteria, Oiartzun.
Zer du arraunak, urteak joan urteak etorri, urtero hainbeste sakrifikatzeko?
Nik uste, arrauna taldeko kirola izateak engantxatu egiten duela. Arraunlariek konpromiso bat hartzen dute eta konpromiso hori konpartitua da. Nik uste dut hori dela.
Arraunlariak fitxatzea, futbolariak fitxatzea bezain natural ikusten al du arraun munduak?
Gehiago hitz egiten da benetan gertatzen dena baino. Ni harritu egiten naiz batzuk beren burua profesionaltzat hartzen dutenean. Urrun ikusten dut, semiprofesional edo profesional izatearena, guk gure lana dugu eta gure lanetik bizi gara ez arraunetik. Asko esaten da baina gero ez da hainbesterako.
Nolakoa da arraunlarien egoera? Hobekuntzarik nabaritu al duzu?
Bai badago klubetan arraunlariok egiten dugun ahalegina baloratzeko joera eta hori eskertzekoa da. Baina ezin dugu gure burua engainatu, arraunlariok jasotzen dugun diruarekin ezin dugu lana utzi eta hortik bizi.
Zer iruditzen zaizu TKE-k emakumezkoen liga antolatu izanak? Ez al die beste ligei dirua kenduko?
Ez du zergatik, emakumeek ere arraunean aritzeko ahalegin bat egiten dute. Liga berri honekin hobeto baloratuta egongo dira eta emakumeak ere arraunean aritzen direla nabarmenago utziko du.
Aurrera begira arraunak zer hobekuntza egin beharko lituzke?
Egia esateko aulki mugikorrarekin kezkatuta nago, ez baitute behar bezala bultzatzen. Garai batean telebistatik botatzen zituzten arraunketa olinpikoko estropadak baina ez dute traineruak bezala saltzen jakin. Bestalde, Legutianoko arraun eremua galdu egin dugu eta hori galera haundia izan da hemengo arraunarentzat. Gainera, neguan, aulki mugikorrean aritzeko garaia denean, zeozer berria sortu nahian dabiltza, traineruen jaitsiera txapelketa bat edo antzeko zeozer. Uste dut aulki mugikorrak bere lekua merezi duela.
MOTXIAN
- Traineru bat: 88ko San Juan
- Leku bat: San Juango Erreka Auzoa
- Arraun oroitzapen bat: Asko ditut! Kontxa irabazi genuen eguna
- Zaletasun bat: Mendia, nahiz eta arraunean ibilita denbora gutxi dugun mendian ibiltzeko
- Edari bat: Garagardoa
- Janari bat: Langosta
- Auto bat: Toyota, nik daukadana
- Bidai bat: Perura
- Amets bat: TKE-ra igotzea
Trackback (URI)
-
Casino 1241816678
:
Casino 1241816678
Casino 1241816678


