Nabigazioa
« Maiatza 2012 »
Al As Az Og Or Lr Ig
123456
78910111213
14151617181920
21222324252627
28293031
 
Hemen zaude: Hasiera Berriak Archive 2009 February 14 Josetxo Fernandez Vaqueriza: “Euskal ontziteria berritu beharra dago!”
 
Dokumentu Akzioak
  • Send this page to somebody
  • Print this page
  • Add Bookmarklet

Josetxo Fernandez Vaqueriza: “Euskal ontziteria berritu beharra dago!”

estropanet-(e)k eginda Azken aldaketak 2009/02/15 14:21
Josetxo Fernandez Vaqueriza

Arraunketako Euskal Federakuntzako Presidenteari elkarrizketa:
Luze eta zabal hitz egin dugu Josetxorekin, nabari da arrauna maite eta bizi duela. Federaziora ilusioarekin datorrela dio, gauzak egiteko gogoekin. Hurrengo urteetan euskal ontziteria berritzea ezinbesteko ikusten du, goi mailan egoteko ontzi txukunak eduki behar direla dio. Vaquerizak hau azpimarratu nahi du; ontziak arrauna egiteko instalazioak dira eta beraz ezinbestekoak arraunlarientzat, ontzirik gabe ez dago arraunik. Eta erakunde publikoak honen garrantziaz jabetzea nahiko luke, ontziak oso garestiak baitira eta ematen duten laguntza ez omen da nahikoa. Bestalde, elkarte eta federazioetan dabiltzan zuzendaritzako kideen lana nabarmendu eta eskertu nahi du: monumentu bana merezi dute!

 

Lehenik eta behin zorionak, Euskal Arraun Federazioko presidente berria zara. Zergatik aurkeztu zara?
Federazioaren jarduera falta ikusita aurkeztu naiz. Jarduera eskasi hau adibidez lehiaketa eta plangintza faltan antzeman daiteke.

Federazioko Presidente hautatua izan eta gero, Donostia Arraun Lagunakeko lehendakari izaten jarraituko duzu?
Ez, bateraezina da erabat. Ezin federazio bateko eta arraun talde bateko presidente izan aldi berean. Ondorioz, Arraun Lagunak taldeak presidente berri bat aukeratu beharko du, baina honek bere denbora eramango du.

Zertan dago Donostiarra bateraturako udalaren hitzarmen berria? Ez al da atzerapen administratibo handiegia izaten ari? Gero dirua jasotzeko arazorik ez da izango?
Hitzarmena ia sinatzeko dago, aste honetan bertan sinatzea espero dut. Donostiako bi arraun taldeen artean lan batzorde bat osatu da. Urkiren aldetik, Aldalur, Begiristain eta Murua izan dira batzorde horretan parte hartu dutenak eta Donostia Arraunen aldetik, Benito Elizalde, Eulogio Genova eta Joxean Jauregi izan dira batzordekide. Beraz, negoziaketak bide onetik doazela esan daiteke, baina oraindik gai batzuk zehazteko daude. Ziur gaude etorkizun urbil batean Donostiarra trainerua arraunaren goi mailan egongo dela.

Legutiano bizi berritzekotan omen zabiltzate. Horren harira, bi galdera: Zer egin da gaizki Legutiano dagoen bezala egoteko eta zein da horren erantzule zuzena? Zein neurri zehatz hartu behar dituzue?
Ez da Legutianotaz pentsatzeko garaia. Orain Nerbioiko ibaira begira gaude. Euskal arraunarentzat, Bilbon arraun eremu bat izatea oso garrantzitsua izan daitekeela uste dugu. Bestalde laster Orion arraunketa teknifikazio zentro bat eraikiko da, Gipuzkoan arraunketa olinpikoa bultzatzeko balioko duena. Bi arraun gune hauetatik abiatuta, lehiakortasun sano bat sustatu nahi dugu Bizkaia eta Gipuzkoaren artean.

Entzun dugu, maila bakoitzarentzako teknikari bat jarriko duela federazioak, egia al da? Zertarako? Arraun taldeak itxita egoten dira halakoetarako, ez ote da alperrikako gastu bat?
Bizkaiko eta Gipuzkoako federazioak sortu zirenetik, beti egon izan da teknikari bat. Teknikari honen lana oso garrantzitsua da, lehiaketen plangintza, programak, jarraitu beharreko estrategiak, etorkizuneko lanak, taldeei lagundu etab.

Aulki mugikorra maldan behera doa. Zein neurri zehatz hartu nahi dituzue mobila biziberritzeko? Merezi al du biziberritzea? ze ekarpen egiten dio aulki mugikorrak arraunari Euskal Herrian? ez al da hobe traineruari babes gehiago ematea, indartsuagoa izan dadin?
Aulki mugikorrean lan haundia egiten ari diren elkarteak badaude, baina egia esateko mugikorrean ez daukagu garai batean geneukan indarra. Katalunian adibidez, entrenatzaile profesionalak dauzkate eta noski horrek pixkanaka aldea sortzen du. Ez da ahaztu behar euskal arraunak 2 hanka dituela, mugikorra eta tostakoa. Gainera garai batean mugikorrak indar haundiagoa zuen tostakoak baino. Baina aulki mugikorra arraunean oinarrizkoa da, mugikorrean dakien arraunlaria osoagoa da (konpletoagoa) gorputz orekatuago bat garatzen du, indarrak neurtzen ikasten du, psikologikoki ere indartsuagoa da, mugikorrean arraunlari bakarreko modalidadeak baitaude.

Federazioaren weborriaren egoera dela-eta hainbat kexa entzun dira. Pentsatu al duzue zerbait egitea federazioaren aurrekontuari dagokion weborri bat egiteko? Weborri egokia nolakoa izango ote litzake?
Web orria aurten berrituko dugu eta gure lehentasunetako bat da. Weborria beste salmenta bide bat da, eta informazioa eskuragarri jarri nahi dugu.

Euskadi-Akitania ‘match’ folkore hutsezko estropada bihurtu dela ere entzun da, gastuak justifikatzeko soilik balio duen estropada. Zein iritzi duzu? Euskadi selekzioa ere folklore hutsa da egun, ez baitu atzerriko edo maila internazionaleko ekitaldietan parte hartzeko eskumenik, gastuak eta jaurlaritzaren aurrean ondo geratzeko estrategia bakarrik ez ote da? Euskadiko selekzioan arraun egiteko zein irizpide erabiliko dituzue?
Euskal selekzioa indarberrituko dugu eta nazioarteko estropada batzuetan parte hartuko dugu. Adibidez juniorrak Munich-era eta Gante-ra joango dira aurten. ez dira goi goi mailako estropadak baina oraingoz ezin dugu gehiago eskatu. Urte batzuen buruan, Luzerna edo Amsterdam bezelako estropadetan parte hartzea lortuko bagenu arrakasta haundia izango litzateke.

Iruditzen al zaizu Federazioaren azken urteotako aurrekontua eta federazioaren lorpenak bat datozenik? Admnisitraziotik kanpoko diru iturriak bilatzeko konpromisorik baduzu? Zertan inbertituko duzu?
Eusko Jaurlaritzak beti oso ondo jokatu du gurekin, baina hurrengo urteetan laguntza sendo bat espero dugu, baliabideak, azpiegiturak, ilusioa etab. sortzeko. Euskal selekzioarekin dabiltzan arraunlariak ondo zaindu nahi ditugu. Diruari dagokionez, betiko kontua da, zer eskaini diezaiokegu babesle bati? Ez da erraza ez horixe...


Euskadiko arraun selekzioa biziberritzeko zerbait egitea pentsatzen al duzue?
Arraun mundua Euskadiko selekzioarekin berriro ilusionatu nahi dugu, azken urteetan atonia ikaragarria egon da selekzioaren inguruan. Ilusio hau pizteko Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko lehia sustatu nahi dugu.

Zer esango zenioke euskal arraunean betiko jendea (errespeto osoz ‘dinosaurioak’) zabiltzatela diotenei? Gazte jendea sartu ez izanaren errua, “dinosaurio” gehiegi dagoelako dela esaten da, zer duzue zuek gazteei irakusteko? Eta gazteak sartzeko ateak irekitzeko prest zaude?
Bitxia da, baina herri honetan esperientziadun jendea arbuiatu eta iraindu egiten da eta hori ez da beste lekuetan gertatzen. Guk gazte jendeari ateak zabaltzen dizkiogu, horretan ez dugu arazorik, baina hau borondatezko lana da, egunero lau orduko lana, asteburutan etxetik kanpo eta ez da soldatarik kobratzen. Beraz, zuk atera kontuak, gaurko gazteak hipotekarekin leporaino daude eta halako lanetan hasteko ez daude prest. Soldata finko bat eskainiko bagenu, azalduko zen bai bat baino gehiago lan egiteko prest. Baina gaur egun Federazioak ez ditu horretarako baliabideak.

TKE ligak zer ekarri dio onik euskal arraunari? Eta txarrik? Federazioak ez du inolako eskumenik TKE ligan, eta TKE ligakoak ez dute euskadiko traineru txapelketa jartzeko astebururik eman, san ingnazio eguna gordeta dagoela dirudi horretarako; baina san ignazio eguna ez da euskadiko jai egun bat, beraz nola onartzen da hori?
Gauza on asko ekarri dizkio, publizitatea, lehiaketen arautzea, etab. Euskadiko txapelketaren eguna jartzeko, TKE ligakoekin hitz egin behar dugu. Irtenbide onena bilatzen saiatuko gara. Agian aurten ezingo dugu gauza haundirik aldatu baina hurrengo urteetan bai. Uste dut euskal taldeek Euskadiko txapelketaren alde egingo dutela eta hori TKE-k garbi eduki behar du.


Estropadetako epaileak lehiakorragoak izan daitezen zerbait pentsatu al duzue (ikastarorik, irizpide bateratze saiorik, eta abar?)
Bai, epaileen eskola bat sortu behar dugu Donostian. Bestalde, irizpide bateratzeari dagokionean, euskal araudiak nazioarteko araudia jarraitzen du eta guk ez dugu hortik ateratzeko asmorik. Hala ere, traineru ligekin akordioak lortu ditzakegu zenbait kontuetan, baina gu ez gara inor ligen araudian sartzeko. Egia esateko gai hau ez da gure lehentasunetako bat.

Euskarari dagokionez, noiz arte Euskadiko traineru eta aulki mugikorreko sari banaketa erdara hutsean? Ezer egiteko asmorik ba al duzue alor horretan?
Euskal Federazioak sari banaketak egiteko protokolo bat dauka eta horixe beteko dugu: podium-era igo, Euskadiko ereserkia jo eta sari banaketa bi hizkuntzetan egin. Bestalde hemendik aurrera gure komunikazio guztiak euskaraz ere egiegingo ditugu.

Aurretik ere Presidente izan zara. Presidentetzan egondako urte guzti horietan, zeintzuk izan dira zure lorpen garrantzitsuenak? Diru galera handiak utzi zenituen zuk eta zure zuzendaritzak aurreko abenturan, nola sinistuko dugu oraingoan ez dela gauza bera pasako?
Uste dut, Euskal Federazioak sortzea izan dela nire lorpenik haundiena, alegia, arraun egitura bat sortzea. 80. Hamarkadaren hasieran hemen ez zegoen deus ere eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Federazioak sortu behar izan genituen, gero Euskadikoa sortu ahal izateko.

Nolakoa da euskal arraunaren egoera? Azkeneko urteetan hobekuntzarik nabaritu al duzu? Zer hobetuko zenukeen? Zer da aurreko zure aurreko legislaturan egin ezin eta oraingoan egin nahiko zenukeena?
Uste dut euskal arraunaren egoera kezkatzeko modukoa dela, batez ere jubenil mailan. Oraingoan zer egingo nuke, ba Euskadiko selekzio indartsua sortu, Euskadi etxetik kanpo ohorez ordezkatuko duena.

Zein harreman izango duzu nafarroako eta iparraldeko euskal arraun taldeekin?
Dagoeneko harremana badugu eta horren lekuko Ur-joko da. Kontua da arraunketa olinpikoan Akitanian maila haundia dagoela. Eta gu aldiz naparrak barne, ez gaudela momentu onenean.

Zer eskatuko zenioke Euskadiko arraun taldeei?
Ezin diet ezer eskatu, bakoitzak bere taldean nahiko lana badu eta. Hori bai denon artean arraunaren diagnosi bateratu bat egin beharko genuke. Arraunaren egoera ez da nahiko genukeen bezalakoa eta neurri egokiak hartzeko diagnosi bateratu bat egin beharko genuke. Adibidez, noiz izan ditugu horrenbeste arraunlari beterano gure taldeetan?

Zer eskainiko diezu euskadiko arraun taldeei?
Antolaketa, plangintzak... azken batean Federakuntzak betidanik eskaini duena, hori da bere egitekoa. Baliabide gehiegi ez dauzkagu baina, ontzi batzuk erosi nahiko genituzke eta taldeei utzi, ia posible den.

Jende askok, alderdi politiko batekin lotzen zaitu. Haiek bultzatuta sartu zarela berriz federazioan ere esaten da. Egia al da? Zein harreman duzu administrazioarekin? Bolondres bezela arituko zara edo soldatarik izango duzu?
Hori gezur hutsa da. Egia da EAJ-ko kidea naizela eta harro gainera. Baina Federazioko Presidente izateko ez du eraginik izan. Administrazioarekin berriz ez dut erlaziorik ni eraikuntza munduan aritutakoa naiz. Eta gaur egun presidente moduan ez dut soldatarik jasotzen, borondatezko lana da.

 

MOTXIAN

  • Traineru bat:  Ahalegin ikaragarria
  • Leku bat: Nerbioiko ibaia
  • Arrauneko oroitzapen bat: oroitzapen txarrak…
  • Zaletasun bat: arrauna
  • Edari bat: ez dut edaten
  • Janari bat: dietan nago
  • Auto bat : gustoko ditut baino ezin nahi bezain azkar joan
  • Bidai bat: Bidai asko. Hegazkinetan belarritako mina izaten dut.
  • Amets bat: Gure herrira pakea iristea

Trackback (URI)

PROMESA UGARI!

Honek bidalia Erabiltzaile anonimoa Non 2009/06/18 21:03
bai, bai! hemen promesa asko saltzen dituzu, baina gero egitasmo horiek aurrera eramango diren... beste kontu bat izango da.

aste honetan ez ba

Honek bidalia Erabiltzaile anonimoa Non 2009/06/18 21:03
Beno, Donostiarraren hitzarmena aste honetan... ba ez.

um

Honek bidalia Erabiltzaile anonimoa Non 2009/06/18 21:03
Joan den astean ez. Eta beste aste hau bukatzen ari da. Fumando espero...
Azken erantzunak
Enbido
Erabiltzaile anonimoa, 2012/03/09
Non: Orio garaile Hondarribiako XII. traineru jaitsieran
Ondo zegok
Erabiltzaile anonimoa, 2012/03/08
Non: Orio garaile Hondarribiako XII. traineru jaitsieran
poloniatik asten ez bada
Erabiltzaile anonimoa, 2012/03/07
Non: Orio garaile Hondarribiako XII. traineru jaitsieran
faltan
Erabiltzaile anonimoa, 2012/03/06
Non: Orio garaile Hondarribiako XII. traineru jaitsieran
urola-kosta
Erabiltzaile anonimoa, 2012/02/13
Non: Orio garaile Hondarribiako XII. traineru jaitsieran
Gehiago...
 

Plonerekin eginda

Gune hau hurrengo estandarretara egokitzen da: