Iñaki Mikeo: “Arraun munduan, mentalitate aldaketa ekarri dugu!”
Datorren Uztailaren 4ean, Bilbon emango zaio hasiera Kantauriko traineru onenak bilduko dituen San Miguel ligari. Aurten, TKE ligak zazpi urte egingo ditu, koxkortuta eta osasuntsu, arraunaren onerako izan dela erakutsi du. Liga honen eragile nagusienetako bat Iñaki Mikeo izan da, komunikabide arduradun bezala hasi eta TKE-ko gerente lanetan bukatu duen kazetaria. Urte askotarako Iñaki!
Nolakoak izan ziren TKE ligako lehenengo urteak? Zer izan zen zailena?
Zailena jendeak mentalitatea aldatzea izan zen. Hasierako asmoa beste kiroletan funtzionatzen zuena arraunean ere abian jartzea zen. Garai haietan bazegoen Euskal Liga bat, baina ez zegoen ondo egituratuta, mailaketarik ez zegoen beste kiroletan bezala, lehenengo, bigarren maila...Horrela, TKE eta KAE ligak sortu ziren eta egia esateko berebiziko garrantzia izan dute, arraun munduan eman den mentalitate aldaketa sortzeko. Bestalde, Liga profesionalizatzea lortu dugu eta egitura sendo bat daukagu egun, gerente bat, ekonomilari bat, marketing arduradun bat, abokatu bat etab.
Dagoeneko ligak 6 urte bete ditu eta aurtengoa zazpigarrena izango da eta TKE liga indartuta dago, zeintzuk dira hurrengo urteetarako erronkak?
Uste dut, azkeneko 6 urte hauetan gauza handiak lortu ditugula, profesionalizazioa, telebista audientzia onak, arautegi bat, egutegi ikusgarria etab., beraz ez dago hobekuntzarako tarte handirik. Agian, San Miguel Liga kanpoan gehiago erakustea falta zaigu, beste lurraldeetan ere ezagutu dezatela. Iaz, Ligari Zaragozan eman genion hasiera, eta bide hori jarraitu nahiko genuke, Bartzelona, Sevilla eta beste hirietan gure liga erakutsiz. Bestalde, aurten lehenengo aldiz emakumezkoen liga jokatuko da, zortzi estropadarekin eta hori ere berri ona da. Gainerakoan, Galizian indar pixka bat gehiago hartzea falta zaigu agian.
Aurten Galiziar talde batek liga utzi du. Honek ez al du liga bera indargabetzen? Zer egin daiteke talde Galiziarrei gauzak errazteko?
Ez da erraza. Mendebaldeko eta ekialdeko elkarteen aurrekontuak ez dira berdinak eta elkarteen artean ezberdintasun nabarmenak daude. Garbi dago, Galiziarrek bidaien ondorioz beste taldeak baino ahalegin handiagoa egin behar dutela, eta honek eragin ekonomikoa, fisikoa eta mentala duela.
Cabo da Cruz-ek San Miguel Liga uztea erabaki zuenean, TKE elkarteko kideok hausnarketa sakon bat egin genuen eta aurten nolabait Galiziar taldeei laguntza ematea erabaki dugu. Honela aurten Galiziarrentzako diru laguntzak aurreikusi ditugu, bi asteburutako hegazkina eta autobusa ordaintzeko. Ez da diru gutxi!
Aurten emakumezkoen liga abian jarriko da. Selekzioen liga honek, arraun taldeak asetzen al ditu?
Gipuzkoan, hiru traineru osatu dira talde ezberdinetako emakumeak elkartuta, baina beste herrialdeetako taldeetan ez dago traineruan dabilen emakume arraunlari nahikorik. Beraz oraingoz selekzioetan elkartu eta holaxe arraun egin beharko dute. Hala ere hau oraindik zehazteko dago.
Bestalde, liga honek emakumeei goi mailan aritzeko aukera emango die eta bide batez emakumezkoen arraunari bultzada nabarmena emango die. Selekzioetako arraunlariak aukeratzeko orduan, Federazio bakoitzak bere arraunlariak nahi duen bezala aukeratu ahal izango ditu.
Zein izango da Ligako aurtengo aurrekontua? Zaila al dago babesleak lortzea?
Aurten San Miguel Ligak 500.000 €-ko gastua izango du gutxi gora behera. Diru sarrerak ere beste horrenbeste izango dira. Beraz TKE elkarteko hamabi taldeei musutruk aterako zaie aurten ere San Miguel Ligan parte hartzea. Egungo garai hauetan diru pribatutik bakarrik bizitzea zaila dago benetan. Beraz, aurten lortu duguna nabarmentzekoa da.
Bestelako esparruetan, babeslegoak lortzeko produktuan eragin behar izaten da. TKE sortu danetik estropadak, ikuskizun produktu bezela, ez dira asko aldatu... ikusten duzue aldatzeko modurik? planteatu da aldaketarik?
Ez nago ados esaten duzuen horrekin. Azkeneko 6 urteetan asko hobetu dugu. Eta telebistako estropadak ikusi besterik ez dago: GPS-aren bidez denbora tarteak fidagarriagoak dira; patroiei mikrofonoa jarri izanak kriston saltsa eman du, traineruetan jarritako minikamarek ikuspegi berria eman digute. Bestalde antolakuntza mailan, podiuma, kazetarientzako karpa eta jarraipena egiteko lekua etab. Uste dut arrauna asko aldatu dela...Ordutegiei dagokionez, estropada askotan itsas gora eta itsas beren menpe gaude, beraz ezin dugu nahi dugun ordutegia jarri.
Aurtengo Ligan aktibitate berririk aurreikusi al duzue?
Ba hamaika gauza izango ditugu, hegaluzea eta piperrak dastatzeko aukera, barrita energetikoen postu bat, lehiaketatxoak, zozketak etab. Apustuak egiteko aukera ere izango da RETA apustu etxeak bi karpa jarriko ditu, argibideak emateko azafata banarekin.
Nolakoa da beste ligekin duzuen harremana? KAE ligekin?
KAE ligakoekin harreman estua daukagu. Pedro Andueza (KAE-ko arduraduna) eta biok egunero ikusten dugu elkar, bulego berdinean egiten baitugu lan. Beraz elkar ezagutzen dugu.
Gainera maila ezberdinen artean dagoen lotura hor dago, taldeak TKE Ligatik KAEra jaisten dira eta alderantziz, KAEtik TKEra igo. Formakuntza eskubideak ere bi ligetan errespetatzen dira...
Etorkizunari begira baduzu zeozer esatekorik?
Ba, babesleei dagokionez behintzat etorkizuna nahiko ondo bideratuta daukagula esan dezakegu,. San Miguel-ekin beste lau urtetako hitzarmena sinatu dugu eta Caja Madrid eta RETA apustu etxearekin beste bi urtetarako akordioa izenpetu dugu. Ez dago gaizki!
Trackback (URI)
ACTko arraunlaria
bai, baina...
Askok arrauna utzi izan genuen lanagatik, beste batzuk lana utzi izan dute arraunagatik, batzuk arrauna egin dute lanbide, eta gehiengoa lana eta arrauna uztartzeko modua dute.
Baina lanarekin gertatzen den bezela, gerta liteke bikotearekin ere...
Ez dut ukatzen pisuzko arrazoiak ez direnik. Baina, arrazoi hauengatik arrauna ez bada, gogoeta baten ondorioz, erabakitako lekura iristeko bidea egiten, alperrik gabiltz!
Kalkulo txar bat egin dut baina balio beza erreferentzia bezala. Une honetan, eta interneten saltseatzen ibilita, 160 bat pelotari ikusi ditut pilota dutenak ogi bide. Eskuz, palaz, zestaz, remontean... batzuk horretaz bakarrik bizitzen eta beste batzuk, bestelako lantxoekin bateratuta. Arraunera ekarrita, kirolari kopuru horrekin, 8 traineru osatu litezke ondo (20 laguneko taldeak). Jakinda, badirala batzuk "mileuristak" direla eta beste batzuk, euskal futbol jokalari batek beste jasotzen duela.
Arraunarekin kapazak ote ginake bide honetara joateko? Kapazak ote ginake, 12 arraun elkarteko 20 arraunlari, arraunaz "ia ia" bizitzeko?
akaso utopia bat da, akaso burutik jota nago... baina pelota dagoen lekuan badago, "burutik jota" zeuden batzuek apustua egin zelako da (perejila famatu duen sukaldaritik hasita).
Nire ustez, arraunak emango luke bide horretara iristeko, bai ikuskizun bezela eta bai kirol ikuspegiak bezela. Eta jakingo duzuen bezala, ez da gauza berria esango dudana, baina oinarria sendoa izaten dute telebistan asko irten eta fama duten kirolak...
Ojala, iritsiko balitz eguna, arraunlarion enpresarioa TKE ligakoak izango direnekoa. Utopia bat akaso da... baina zergatik ez? Ez dugu nahi, edo ezinezkoa da!! Ez bada egiten, ez dugulako nahi izan dadila... baina ezinezkoa, keba... halako gauzetan ezinezkorik ez dago!! Bere garaian, ia ezinezkoa zen kontxan 19.40tik jeistea.. begiratu orain!!



Zorionak...
Iñakirekin bat nator gauza asko hobetu direla eta dirudienez, aurrera begira, ekonomikoki behintzat oinarri sendoa duela.
Zeozer hobetzekotan, eta nire iritzia apalean, arraun taldeek duten indar gehiegizko hori gutxitxea litzake. TKE ligak, udako traineruen liga besterik ez baitu kudeatzen... baina, nire ustez, iritsi beharko lukeena traineruen urteko liga kudeatzea. Arraunlariak TKE ligako arraunlariak izatea eta ez, hilabete batzuetan federazioko arraunlari, besteetan aulki mugikorra, batelak, trainerillak... federazioek egin ditzatela formakuntza lanak, oinarrian inbertitu eta lan egin dezatela (lanean utzi diezaietela)(lan egiteko gogoa izan dezatela bestetik... hau beste gai bat da baina).. eta TKEri utzi diezaiotela, urteko arraun denboraldia kudeatzen, ikuskizunera begira, errentagarritasunera... GPSa, patroien mikroa, kamarak ontzietan... hobekuntzak dira, ikuskizunerako hobekuntzak dira... baina, nik uste, interesgarriak direla baina azaleko kontuak direla. Ikuskizuna jantzi egiten dutenak, baina ikuskizunean eragitea beharko luke urratsa, ikuskizuna gainetik jantzi beharrean, ikuskizunaren barrua da jantzi beharrekoa!
Traineru denboraldia luzatzea denboran izango litzake nik uste urrats bat. Egon beharrean, aulki mugikorra eta trainerillak noiz bukatuko, hasi dadila liga interesatzen zaigunean. Urtean zehar, geroz eta denbora gehiagoz telebistan egon, geroz eta aurrekontu handiagoak mugituko lirateke. Niri pertsonalki, pena ematen dit horren kirol potentea urteko hiru hilabeteetan bakarrik egotea martxan. Urte osoan zehar geldirik balego bezela... eta nahiz eta jakin, aulki mugikorra, batel ta trainerillak izan, horrek ez du jatekorik ematen. Ez da telebisiboa... Nork ikusten du erremontea? sega? tenis bikotetan?....
Gogoeta bat besterik ez da...
TKE liga oso ondo dihoan arren, azalekoa aldatzen segi genezake baina izan gaitezen ausart eta mamiari buelta bat ematearen aldekoa nintzake. Gogoeta talde bat sortu horretarako! (eta ni prest bertan laguntzeko)
Zorionak TKE egin duzuen danoi... baina, izan ausart eta mamiari heltzen ahalegintzeko nire babes eta animo osoa duzue. Breavheart pelikulan zioen bezela: Badakizue zer gertatzen den ezer egiten ez bada? ba ezer ez!! Ahaleginak pena merezi duela uste dut... gero aurrera joan edo ez, beste kontu bat izango da baina ahaleginak merezi du!