Nola liteke?
Nire txopatik: Gaizka Garmendia San Pedroko patroiak Berria egunkarian idatzitako zutabea.
Lagun irakurle hori! Harritu egingo zinen gaur, arraunari eskainitako txokoan, Ibonen ordez neu aurkitu nauzulako. Ibonek aurreko asteartean adierazi zigun arraunlari soil izatetik entrenatzaile izatera zein alde dagoen, eta benetan diotsuet aldea izugarria dela. Ez du beste gauzetarako tarte handirik uzten.
Lagun irakurle hori! Harritu egingo zinen gaur, arraunari eskainitako txokoan, Ibonen ordez neu aurkitu nauzulako. Ibonek aurreko asteartean adierazi zigun arraunlari soil izatetik entrenatzaile izatera zein alde dagoen, eta benetan diotsuet aldea izugarria dela. Ez du beste gauzetarako tarte handirik uzten.
Ibon eta entrenatzaileak aipatuta, ezin ahaztu Aulki elektrikoan eserita egotearena. Ba omen zeuden hiru entrenatzaile aulki elektrikoan etxeko sofan bezain lasai eserita, baina aste honetan izan da heriotzaren korridorera eraman eta hantxe kiskali duten bat. A zer aztoramena! Inork gogoko ez dituen egoera hauetan, harreman arazoak eta emaitza kaxkarrak izaten dira guztiaren iturri, eta aitortu behar dut horrelako saltsatan ibiltzea izan dela arraun munduan jasan dudan esperientziarik txarrena. Aldaketaren ondoren taldea bat eginik ateratzen bada, gaitzerdi! Bestela, zulo beltza.
Horrelaxe, zulo beltzean murgilduta iritsi ginen larunbat gauean hotelera. Gertatu zitzaiguna ulertu ezinik. Ez ginen gutxi izan gure taldean gau hartan lo egin ezinik ibili ginenak. Eta zer esanik ez irteeran ontzia zuzen jarri ez eta ziabogetan baldar ibiliaren ardura norberarena denean. Eskerrak liga honetan hutsegitea konpontzeko igandean bigarren aukera izaten den. Ez nuke pentsatu ere egin nahi larunbat gauaren antzeko aste oso bat nolakoa zatekeen. Erotzekoa. Gipuzkoako Txapelketa bihar izanik egoera aldatzeko zerbait onaren beharra genuen.
Igandean zauritutako basurdearen antzera irten ginen, eta guztia nahierara atera zitzaigun. A ze gozatua... Halere aitortu behar dizuet Castroren erreakzioaren kezka izan nuela. Baina poliki-poliki gehiago hazi ginen. Hor bigarren garaipena, kale, korronte eta haizearen aitzakiarik gabe. Lehorreratzean negar malkoak atera zitzaizkidan bezperakoaren ondorioz. Etengabe galdera bat nuen nire baitan: Nola liteke?
Goi mailako kirolean sasoia, teknika eta materiala ez dira aski. Burua behar da! Talde askok entrenatzailea, prestatzaile fisikoa, sendagilea eta masajista ditugu. Martxa honetan, datorren urterako, baita psikologoa ere.


