Plentziako ikurriña ere Castrorentzat
Castrok irabazi du Plentziako ikurriña. Gozatzeko estropada jokatu da gaur Plentziako uretan, eta Castro irteeran zertxobait atzean geratu bada ere, segituan lortu du txandako eta estropadako lehenengo postua. Orio, San Pedro eta Hondarribia gertutik izan dituen arren, ezin izan dute Castro garaitu izan ere, lehenengo ziabogaren ostean erlojupeko estropada egin du Castrok, Orio eta San Pedro atzean utziaz. San Pedrok, azken luze zoragarriaren ostean Oriori aurrea hartu eta bigarren postuan sailkatzea lortu du. Hona, Plentziako XXI.ikurriñaren emaitzak.
Zarautz izan da eguneko sorpresa, ohorezko txandako ontzi guztiek hauen denborak eduki behar izan baitituzte erreferentzi gisa. Estropada guztian zehar lehenengo postua mantendu baldin badu ere, azken luzean Urdaibaik estutu du Zarautz, nahiz eta ehunenekoengatik Zarautzek lortu duen txanda irabaztea.
Lehenengo txandako bi luzeetan Tiran eta Zumaiaren arteko lehia ikusi dugun arren, Zumaia izan da nagusitu dena, hau izan baita hasera haseratik muturra erakustea lortu duen ontzia. Gainera gaurkoan Zumaiak bigarren txandan jokatu duen Kaikuren aurretik geratzea lortu du.
Sailkapenari dagokionez, ez da postu aldaketarik gertatu, nahiz eta postuak egonkortu egin diren. Lehenengo hiru postuak erabat finkatuta dauden arren, Oriok ohorezko txandari heltzea lortu du, Urdaibai 3 puntu atzerago aurkitzen delarik.
Eusko trenbideak ligaren barnean ez da ezustekorik izan, Galiziarrak izan baitira Plentzian ere irabazle. Hala ere Gipuzkoa izan da Galizia estualdian jartzea lortu duen talde bakarra, nahiz eta azken hauek 3 ontzietako aldea lortu duten. Beraz, sailkapenean ere ez da izan gora beherarik, Galiziak 15 punturekin bere lidergoa nabarmendu baitu. Gertutik Gipuzkoa du 12 punturekin, Bizkaia eta Katalunia zertxobait atzean geratu diren bitartean.


