Sarrerak: August 2009
Deustuk KAE1 ligan hartuko du parte 2009/08/31
Deustu izan zen erlojuaren aurka onena larunbatean Erandion jokatu zen estropadan. Zortzi segundo gehiago behar izan zituen Getxok helmugara iristeko. Trintxerpek zertxobait gehiago behar izan zuen.
Igandean Santoñan jokatu zen estropada. Santoñan arazo ugari egon ziren antolakuntzari dagokionez, estropada eremua garbi mantentzen ere nahiko lan izan zituzten. Arazoak arazo, etxeko taldea izan zen nagusi binakako erlojuaren aurkako estropadan. 21:58,34ko denbora behar izan zuen Santoñako taldeak helmuga puntura iristeko. Getxo izan zen bigarren sailkatua, eta ligako garaileak 4. postuarekin konformatu behar izan zuen. Hala eta guztiz nahikoa izan zuen KAE2 ligako lehen postuarekin geratzeko.
Hona XII. Erandioko banderako emaitzak, eta hona Santoñako XXXIX. banderakoak
.
Astillero txapeldun KAE1 ligan 2009/08/31
Astillero garaile izan da asteburuko estropada guztietan. Kantabriarrak, larunbatean Zierbenan jokatu zen estropadan, haizearen aurka ere onenak zirela erakutsi zuten. Bigarren sailkatu ziren Pasai Donibanetarrak ere maila duina erakutsi zuten, baina 12 segundo gehiago behar izan zituzten helmugara iristeko. Igandeko estropadan gauzak estuago jarri zizkieten Pasaitarrek. Hala eta guztiz, nagusitasunez garaitzea lortu zuten Astillerokoek eta horrela KAE1 liga bera ere irabaztea.
Hona XXVI. Petronor banderako emaitzak, eta hona XXVII. Noble Villa de Portugaleten atzo emandako emaitzak.
San Miguel Liga gorriz jantzi da gaur Orion 2009/08/30
Castro nagusitu da gaur Orion jokatu den estropadan, matematikoki TKE-San Miguel ligako txapeldun bilakatuz. Hondarribia sailkatu da bigarren, Castrorengandik 2 segundo eskasera. Etxeko taldeak hirugarren postuarekin konformatu behar izan du 13 segundora helmugaratu baita.
Urdaibaik ligako estropadarik txarrena egin du. 2. ziaboga istriborretik hartu du Bermeoko ontziak,eta honek helmuga puntuan minutu 1 eta 18 segundoetako atzerapena ekarri dio. Zarautzek ere ezbeharra izan du maniobra puntuan, Aranberri patroia ia uretara erori baita. Hankekoaren laguntzarekin bere postura itzuli bada ere, segundo asko galdu dituzte. Hona, Orioko XIX.estropadako - XII. Inmobiliaria Orioko emaitzak.
Pedreña garaile, sorpresaz beteriko estropadan 2009/08/29
Pedreña izan da XI. Flaviobriga banderaren garailea gaurko estropadan. Hala eta guztiz, haizea izan da estropadako protagonistetako bat, honek ekarri baitu tentsioa estropada eremura. Ezinegona. Hori izan da nabaritu dena 3. txanda jokatzen ari zen bitartean. Haizea txandatik txandara indartu egin da, eta ohorezko txandakoek ezin izan dute 2. eta 1. txandako zenbaitzuei aurre egin. Sestaoarrek bigarren postuarekin konformatu behar izan dute, estropada guztian aurretik joan badira ere, azken luzean Pedreñakoek aurre hartzea lortu baitute. 3.txandan nagusitu den Tiraneko ontziak lortu du hirugarren postua. Beraz, etxeko gorriek ezin izan dute bertan duten bolada txarrari aurre egin eta etxeko banderarik gabe geratu dira. Hona, gaurko XI. Flaviobriga banderako emaitzak.
KAE2 ligako estropadak Erandion eta Santoñan erlojuaren aurka 2009/08/28
Larunbatean 19.30etatik aurrera Bilboko itsasadarrean, Erandion hain zuzen, Erandioko XII. bandera jokatuko da. Erlojuaren aurka lan asko egin beharko dute taldeek, eta aurreko asteburuan bezala sorpresak egon daitezke. Igandean aldiz, XXXIX. Santoñako bandera egongo da jokoan 12:30etatik aurrera. Estropada honetan ere, binaka erlojuaren aurka burutu beharko dituzte lanak.
Zierbena eta Portugalete izango ditu testigu asteburuan KAE1 ligak 2009/08/28
Larunbatean Zierbenan jokatuko da XXVI Petronor bandera arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Igandean aldiz, Portugalete izango da KAE1 ligaren testigu 12:30etatik aurrera. Bertan jokatuko da Noble Villa de Portugalete estropadako XXVII. edizioa. Dudarik gabe Play-offen atariko estropada hauek norgehiagoka itzela eskainiko digute. Portugaletek zuzenean play-offak jokatu behar baditu ere, Ondarroak oraindik matematikoki aukerak ditu. Hala eta guztiz oso zaila izango du, 10. sailkatua den Busturialdea 5 puntuetara baitu. Dudarik gabe, play offetatik libratu nahi badu asteburu honetan sekulako estropadak egin beharko ditu.
Igandean Orioko XIX. estropadak/XII. Inmobiliaria Orio ikurriña 2009/08/28
Castroko estropadaren ondoren, Orion izango dugu zita. Igandean, eguerdiko 12:00etatik aurrera, Orioko XIX. estropada/XII. Inmobiliaria Orio ikurriña egongo da jokoan Orioko uretan. Iaz, ibaian jokatu zen estropada hau, baina aurtengoan berriz ere itsasora itzuliko da. Etxeko taldeak TKE-San Miguel sortu zenetik ez du inoiz lortu etxeko bandera bertako zaletuen aurrean, eta gogotsu irtengo dira. Hondarribiako ikurrinak ere, indar asko ekarri baitu Mirotza trainerura. Castrok, Orioko estropadan irabazi dezake matematikoki jada TKE-San Miguel liga eta Caja Madril koroa, beraz izango da zer lehiatua Orioko uretan.
Itziar Olasagasti: “Oso garrantzitsua da talde moduan funtzionatzea, eta guk talde moduan funtzionatzen dugu” 2009/08/28
Itziar Olasagasti, Getaria-Tolosako arraunlariari elkarrizketa: Traineruko arraunlaria eta oriotarra. Ohikoa den sinbiosia. Iaz, Kontxako emakumezkoen estropadan Tolosaren izenean jokatu zuen, eta egun Getaria-Tolosako arraunlaria da. Arraunzale eta arraunlari porrokatua izateaz gain, bizia arraunean igarotzen ari den Olasagasti familiako emakumearekin hitzartu gara. 2009ko I.Emakumezkoen Zarauzko ikurrina gogoan eta itsasoa oraindik gehiegi nahastu gabe, ortzi-muga helburu harturik palada- palada dioskuna helarazi nahiak ekarri digu ongietorria egitera.
Larunbatean, liderraren etxean 2009/08/27
Larunbatean jokatuko da Castron, liderraren etxean, TKE-San Miguel ligako 15. jardunaldia. Azken orduko aldaketak direla eta 16:30etan emango zaio hasiera Castroko XI. Flaviobriga banderari. Lehia estua izango da, Castrok etxean irabazi nahiko baitu, baina gainontzeko taldeek ere maila bikaina eman nahiko dute Kontxako sailkapenaren atarian.
Ikusteko, nondik? 2009/08/25
Gaizka Garmendia, San Pedroko patroiak bere txopatik idazten duen zutabea dakarzkizugu. Berria egunkarian asteartero idazten duen zutabea, eta ohiko legez, hona gaurkoa.
Gozatu al duzue asteburuaz? Aspaldiko partez, arraunaren esentzia gordetzen duen estropada jokatu genuen larunbatean. Ontziak saltoka olatuei aurre eginez, zipriztinak alde guztietan, gozatua eta ezina, olatu gaineko lantzaa eta keinadak... polita benetan. Askotan entzun dut estropadak ondoen telebistaz ikusten direla; ba ez! Larunbatean Hondarribiko kai berria zen tokirik onena, eta giroaz gozatzeko hondartzako espigoia. Hunkigarria izan zen irteeran jendearen orroek sortutako burrunda. Nahiago dut estropadak bertan ikusi, pantailatik at gauza asko gertatzen dira uretan.
Getaria-Tolosa jaun eta jabe Txingudiko estropadan 2009/08/25
Getaria-Tolosak Txingudiko estropadan sekulako maila erakutsiz, gainontzeko taldeei aurrea hartu eta momentu hauetan, Kontxari begira onenen artean egoteko aukera handia dutela erakutsi dute. Zumaia eta Hondarribiaren artean ere izan da norgehigoka, izan ere, ziaboga puntuan zumaiarrak segundo bat aurretik irten dira. Hala eta guztiz, helmuga puntuan gauzak zeharo ezberdinak izan dira, Hondarribiak Zumaia garaitzea eta horrela bigarren sailkatzea lortu baitu. Hona Txingudiko IV.ikurrinako emaitzak.
Santoña izan da nagusi erlojuaren aurka, Colindresen 2009/08/24
Larunbatean jokatu zen estropada Colindresen. Arratsaldeko 18:00etan eman zitzaion hasiera, eta erlojuaren aurka gogor egin behar izan zieten. Nor baino nor, eta ezustekoak emateko prest, Santoña izan zen sailkapenean ehuneneko batzuengatik Trintxerperi aurre hartu zion taldea. Getxo izan zen hirugarren sailkatua, eta KAE-2 ligako liderra laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Hona hemen Asongo itsasadarreko XXVI. banderaren emaitzak.
Asteburu banatua KAE1 ligan, Astillerorentzat eta Pasai Donibanerentzat bana! 2009/08/24
Astillerok eta Pasai Donibanek irabazi dituzte, KAE-1 ligari zegozkion asteburu honetako estropadak. Larunbatean, Camargoko udaletxearen XIX. Banderan, Kantabriarrak oso ondo aritu ziren, eta bandera nagusitasun guztiz irabaztea lortu zuten. Igandean aldiz, Astilleroko urdinak ez ziren horren fin aritu, eta Pasai Donibane izan zen nagusi XIV. Hondarribiko sustapen estropadan. Pasaiako arrosek, atzean utzi zituzten txandako Astillero eta Santurtzi. Hona, Camargoko udalaren XIX. banderako emaitzak, eta hona, Hondarribiko XIV. Sustapen estropadakoak.
Gaurkoan bai, Castro nagusitasunez gailendu da 2009/08/23
Castro izan da nagusi San Pedron jokatu den XV. Kofradiaren ikurriñean. Erlojuaren aurka gogor egin behar izan dute gorriek, Pedreñak bigarren txandan egin duen denborari aurre egiteko, baina lortu dute. Azken luzean, Pedreñaren denborari aurre egin eta 8 bat segundotan hobetu dute. San Pedroren irteera puntuko ezbeharrak, hauen lanak atzeratu baldin badituzte ere, ez da lehiatik kanpo egon. Hona, Kofradiako XV.ikurriñako emaitzak.
Azken luze zoragarria eginez, Orio txapeldun! 2009/08/22
Ikusgarria izan den estropadan, eta astebururo bezala Castrok irabaztea espero genuenean, azken luze ikaragarria eginez, eta 3. ziabogako 10 segundoei aurre eginez Oriok, Hondarribia eta Castro garaitzea lortu du. Horrela Hondarribiko XXII. Hondarribiko ikurriña-GP Mapfre saria, lehenengo aldiz oriotarrentzat izan da. Hona gaurko XXII. Hondarribiko ikurriña – GP Mapfre estropadako emaitzak.
Emakumezkoen estropadak ez dira amaitu, igandean, Hondarribian 2009/08/21
Emakumezkoen lehenengo Euskotren denboraldia amaitu baldin bada ere, emakumezkoen estropadek aurrera diraute. Asteburu honetan igandean izango da emakumezkoen estropadak ikusteko aukera. KAE1eko Hondarribiko estropada 17:30etan hasiko baldin bada ere, 17:00etan emakumezkoen estropadari emango zaio hasera.
KAE2 Colindres eta Erandiora iritsiko da asteburuan 2009/08/21
Denboraldia amaitzen ari den arren bada oraindik zer jokatua. Horretarako aukera ezin hobea izango dute KAE2ko ontziek larunbatean Colindresen (Kantabrian) eta igandean Erandion. Larunbatean arratsaldeko 18:00etan emango zaio hasiera XXVI. Ria del Anson banderari, eta igandean arratasaldeko 19:30etatik aurrera XII. Erandioko bandera egongo da jokoan.
Camargon eta Hondarribian egingo du geldialdia KAE1ak 2009/08/21
Camargon (Kantabria) jokatuko da larunbatean, KAE-1i dagokion estropada. Arratsaldeko 17.45etatik aurrera jokoan izango da XIX. Camargoko udalaren bandera. Igandean aldiz, Hondarribian jokatuko da 17:30etatik aurrera XIV. Hondarribiako sustapen estropada.
TKEko igandeko zita Pasai San Pedron 2009/08/20
Pasaiak hartuko du TKE-San Miguel ligako 15. estropada puntuagarria igandean. Eguerdiko 12:00etatik aurrera, Kofradiaren XV.ikurrina jokatuko da Pasai San Pedro eta Pasai Donibaneren arteko itsas adarrean. Erlojuaren aurka, alboan beste traineruen presiorik gabe, ontzirik onena zein den jakiteko parada ezin hobea izango dugu igandean Pasai San Pedron.
Hondarribia izango du lekuko TKE-k larunbatean 2009/08/20
Hondarribira iritsi da. Hondarribian jokatuko da, TKE-San Miguel ligako 13.jardunaldi puntuagarria larunbat honetan arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Lehia ezin estuagoa ikusteko parada emango digu Hondarribiko estropadak. Kontxako estropaden atarian, taldeen gorakada nabarmenak ikusi baititugu, eta hauen arteko lehiarekin, gozatzeko aukera izan dugu azken asteburuan.


