Hondarribia izango du lekuko TKE-k larunbatean
Hondarribira iritsi da. Hondarribian jokatuko da, TKE-San Miguel ligako 13.jardunaldi puntuagarria larunbat honetan arratsaldeko 17:00etatik aurrera. Lehia ezin estuagoa ikusteko parada emango digu Hondarribiko estropadak. Kontxako estropaden atarian, taldeen gorakada nabarmenak ikusi baititugu, eta hauen arteko lehiarekin, gozatzeko aukera izan dugu azken asteburuan.
2009ko TKE-San Miguel ligak liderra ia ziurra baldin badu ere, postu honetan aurkitzen den Castrorekin batera ohorezko txandan zein taldek lagunduko dioten, oraindik jakiteko dago. Kantabriarrek 21 puntuko ezberdintasuna daramate ligan bigarren sailkatua den San Pedrorekiko. Hala eta guztiz 3. sailkatuak, Hondarribiak, puntu bateko aldea besterik ez du Oriorekiko, eta hauek azken asteetan erakutsi duten mailarekin kolokan egon litezke postu horiek. Gainera 5. postuan, Pedreña aurkitzen da 3 puntuetara. Kantabriar hauek, Zarauzko estropadan bigarren gera zitezkeela erakutsi zuten, beraz ohorezko txandak ez du parte-hartzaile segururik. Guztiek dituzte goiko postuak helburutzat, beraz sekulako errendimendua erakutsiko digute taldeek Hondarribiko estropadan. Hori dela eta goialdeko sailkapena oraindik eta estuago gera liteke.
Hitzordua egina dago, lau luze eta hiru itsas milia (5556 metro) egin beharko dute ontziek beraz, ikuskizunaren zain dagoenak, larunbatean, hilak 22 Hondarribian, 17:00etatik aurrera ikuskizuna ziurtatua izango du.


