Azken luze zoragarria eginez, Orio txapeldun!
Ikusgarria izan den estropadan, eta astebururo bezala Castrok irabaztea espero genuenean, azken luze ikaragarria eginez, eta 3. ziabogako 10 segundoei aurre eginez Oriok, Hondarribia eta Castro garaitzea lortu du. Horrela Hondarribiko XXII. Hondarribiko ikurriña-GP Mapfre saria, lehenengo aldiz oriotarrentzat izan da. Hona gaurko XXII. Hondarribiko ikurriña – GP Mapfre estropadako emaitzak.
Itsasoarekin jokatu nahi zuten ontzientzat aukera ezin hobea izan da. Itsaso nahasia, baita GPSak ere. Gora behera ugari izan dira estropadan eta ezustekoz betea. Gogotsu irten dira ohorezko txandan ontzi guztiak, baina segituan lortu dute Castrokoek eta Hondarribikoek buruan jartzea, San Pedro eta Oriori hiru bat segundo atereaz. Norgehiagoka itzela izan da Castro eta Hondarribiaren artekoa, lau eta hirugarren kaletik hurrenez hurren. San Pedro aldiz lehenengo maniobra punturako atzean geratu da. Oriok isileko lana egin behar izan du. Hasera batean gustukoen ez zuten kale batetik, eta estropada osoan zehar bost segundoetako atzerapenarekin estropada txukuna egitea lortu dutelarik. Hirugarren luzeak zirudien erabakiorra. Ordurarte estropada Hondarribi eta Castroren artekoa zirudien arren, Castro, betiko moduan hirugarren luzeaz baliatu da, bigarren zihoazen Hondarribi eta Oriori diferentzia areagotzeko. Maniobra puntura iristerako 8 eta 10 segundoetako abantaila zuten gorriek. Maniobra egiten ari ziren unean arraun txikia uretara erori zaie eta hor galdu dituzte hiruzpalau segundu. Hala eta guztiz, oriotarrek olatutxoak hartuz, Hondarribia garaitzeaz gain Castroren aurretik jartzea lortu dute, eta helmugan 70 ehunenekoko diferentziarekin irabazi egin dute gaurko estropada.
Hala eta guztiz, beste txandetan ere izan da zer ikusia. Bigarren txandan Urdaibaik lortu du txanda irabaztea. Haserako luzean horren fin ibili ez badira ere, bigarren maniobra punturako errenta polita lortu dute, eta errenta horretaz baliatuta helmugan lehenak izatea lortu dute. Pedreña atzean geratu da, denboraldiko estropadarik kaskarrena eginez. Kaiku eta Zarautz une batzuetan Urdaibaik gertu izan baldin baditu ere, sekulako gora beherak egon dira GPSean.
Lehenengo txandan Tiranek egin du denboraldiko estropada. Sekulako denbora eginez, txandako guztiak garaitzeaz gain, estropadako sailkapenean 7.sailkatzea lortu dutelarik. Zumaia izan da bigarren helmugaratu dena 18 segundoetara, eta Meiraren atzetik Arkote geratu da, Tiranekiko minutu batetara.
Estropadako sailkapenean beraz, San Pedro eta Pedreña izan dira nabarmen erori direnak, izan ere, San Pedrok seigarren denborarik onena egin du, Pedreñak bederatzigarrena egin duen bitartean.
Sailkapen nagusian Castrok jarraitzen du diferentzia handituz lehenengo postuan 140 punturekin, San Pedroren gaurko estropada kaskarrak diferentzia areagotzen lagundu baitio. Hala eta guztiz San Pedrok bermatuta du momentuz bigarren postua 115 punturekin. Oriok lortu du ohorezko txandan nagusitasunez finkatzea 108 punturekin hirugarren sailkatuz, eta horrela Hondarribiari hirugarren postua kendu eta puntu bat gehiago lortuz. Gainontzean ez da gora behera gehiagorik egon. Kaiku eta Zarautzek puntuetan berdinketa baldin badute ere, biek 72 puntu dituzte, 9. sailkatua den Tiran, 49 punturekin aurkitzen denez, ez dute txanda gora beherarik sufrituko. Hala eta guztiz, bihar, San Pedron du geltokia TKEk. Ea zer gertatzen den.



Berria, Hondarribia, Balea eta Orio
BERRIA
http://paperekoa.berria.info/kirola/2009-08-23/017/007/Balea_bakarrik_falta_zen.htm
Oriok hautsi du Castroren agintea, denboraldiko lehen bandera irabaziz eta Hondarribian aurrenekoz garaile izanez. San Miguel ligako estropada ikusgarriena itsasoa nahastearekin batera ikusi da.
Balea bakarrik falta zen
Bi mila eta bederatzigarren urtean, abuztuaren 22garren egunean, Hondarribiko herriko barraren aurrean, bandera agertu zen zazpiak eta erdiak aldean. Eta oriotarrek irabazi zuten. Denboraldi honetan aurrenekoz. Hondarribian lehen aldiz. Castroren aginte luzeari amaiera emanez.
Ikusi zutenean bandera irabazteko moduan zirela, berehala joan ziren norabide onenaren bila, arraun eta arraunlari on pila. Agudo eramateko bandera herrira ez da ez arraunlari multzo hila. Hiru traineru joan ziren patroi banarekin. Mutil bizkor bikainak, indar ugarirekin. Baina Oriok hartu zien aurrea Castrori eta Hondarribiari Irakoitz Etxeberria, Aizperro eta beste hamabirekin. Mirotza ontzian egindako salto eta orroak ikaragarriak ziren. Atzera egin gabe aurkarien maila bikainaren aurrean, sekulako estropada eginez irabazi zuen Oriok bandera.
Gertatua dago egiaren alde, eta atzokoa horrela ez bada, jendeari galde. Arraun munduko zaleak bihotzez pozturik daude, halako batean Castro ez den beste batek irabazi duelako banderaren bat. Hemendik aurrera, estropadak zirraraz jarraitzeko aukera izango da, batere aspertu gabe. Garai onenean dator, gainera, zalantzak eragindako emozioa. Irailaren atarian. Kontxako Bandera preziatua ate joka dagoenean. Behar zuen arraunak halakorik.
San Miguel ligako hamahirugarren jardunaldiak sorginkeria egin izan balu bezala izan zen atzokoa. Lehenbizikoz, itsaso nahasian egin behar izan zuten arraunean. Txanda guztietan ikusi ziren gorabeherak. Traineru batek oraintxe aurrera egiten zuen, eta, halako batean, atzera. Estropada eroa izan zen. Hirugarren txandan erabaki zen garailea. Lehen luzean lehia estua izan zuten Castrok eta Hondarribiak. Segundo bat aurretik zen La Marinera. Atzeraxeago zen Orio. Lehen kaletik baztertua bezala. Sei segundora, baina isil-isilik lanean. Bigarren luzea ikusgarria izan zen. Ziabogarako 100 bat metro falta zirela, Castrok lau bat segundoko tartea ateratzen zion etxeko ontziari, baina balizetera heltzear zirela, Hondarribiak olatua hartu zuen, eta Castro zuloan sartuta bezala gelditu zen. Batera jarri zituzten bi traineruak hirugarren luzeari begira. Orio bost segundora zebilen, eta atzo ere eskas jardun zuen San Pedro hogeira zen.
Ematen zuen etxekoek hautsiko zutela haustekotan Castrokoen agintea. Baina kantabriarrek ospa egin zieten. Hirugarren eta azken ziabogan, bederatzi segundo kentzen zizkioten Hondarribiari eta 11 Oriori. Baina ziaboga ematean, arraun txikia galdu zuen Castroko aurrekoak, eta zabal samar hartu zuten buelta. Azken luzean, Oriok sekulakoa egin zuen. Gerturatu egin zitzaien gorriei. Hondarribia husten ari zen, atzean gelditzen, nahiz eta uneren batean pare bat segundora jarri. Azken metro ikusgarriak eginez, Aizperroren koadrila segundoa baino tarte txikiagoarekin sartu zen aurretik. Castro garaitu zuten. Hondarribiak egin zuen hirugarren.