Ikuskizuna
Astero lez, hona gaurkoan, Gaizka Garmendiak (San Pedroko patroiak) Berria egunkarian, urteko estropadarik garrantzitsuenari buruz egin duen zutabea.
Kontxa ikuskizuna da, eta, 100 urtetik gora errepikatzen denean, ia arraun mundu osoa berak irensten du.
Igandeko ikuskizunak hainbat jatorri izan zuen. Lehendabizi, goizean goiz etxetik nork bere taldearen elastikoa, zapi eta txapelez jantzita Donostiara etorri ziren milaka lagunak aipatu behar. Badia, Urgull eta Santa Klara irailean dotore asko janzten dira. Uretan ere ontzi piloa biltzen da. Atzo laugarren kaleak Tourmalet zirudien. Han zen ontzi festa han. Gu gerturatu ahala ontziak atzerantz joaten ziren txirrindulariak maldan gora joaten diren antzera.
Ikuskizuna eta emozioa neskek eman zuten. Lau ontzi, bandera bat eta azken minutura arte nork irabaziko zuen argitu gabe. Itsaso handirik ez zen arren, olatuen bultzadek emozio handia jarri zuten, eta lehia ikusgarria eskaini ziguten. Nik Getaria-Tolosak irabaztea nahi nuen, eta gertu izan zuten garaipena. Sortu duten dinamika horri eusten badiozue, datorren urteakoa zuena izango da! Baina bakarra larunbatekoa izan zen. Ikuskizuna sortu nahian sailkatzea txandaka egin zuten, eta horrek sortu du polemika. Bidea egiten hasi besterik egin ez diren arren, talde batzuk oraindik berdeegi daude.
Lehen txandan ere izan genuen zer ikusia. Mutil baten mina denok jasan baikenuen; animo, Txato! Porra guztiak hankaz gora botaz, Donostiako trainerua aspaldiko partez ez zen azkena izan.
Zer esan Kaikuz! Itxaropena bagenuen beste hirurok gutxienez ohorezko txanda irabazteko, baina jota utzi gintuzten Kaikukoek. Minutu bat, ontzi bat, bi minutu, bi ontzi... eskerrak gero proportzio hori eten egin zen, bestela hogei minutu hogei ontzi, 50 segundoko tartea, alegia. Hura zen emana hura haiena. Zerbait egiteko ilusioa di-da batetan joan zitzaigun. Castrok ziaboga arte itxaropenei eutsi zien arren, Zurinagarenek poparean gozatu ederra hartu zuten! Pentsa, kanpoan zeudenak agurtzeko aukera ere izan zuten. Ospakizunetan Kaikuko galiziarrek Tirango patroiari eskaini zioten garaipena, gaixo baitago mutila: Forza, Ruli! Nire partetik, zorionak Rias Baixasekoei, Kaikukoei eta ikuskizun handi honetan parte hartu duzuen guztiei. A! Zer moduz Parte Zaharreko hirugarren denbora?


