Bidaiaren amaiera gorria
Amaitu da denboraldia. Amaitu da San Miguel-TKE liga. Amaitu da XXXV. El Corte Ingles bandera. Castroko La Marinerak lortu du gaurkoan ere XXXV. El Corte Ingles bandera eskuratzea. Estropada zeharo estua jokatu da Ibaizabalgo uretan, Hondarribiak eta Castrok sekulako lehia izan baitute. Orio izan da 2.txandan hirugarren sailkatua. Lehenengo bi maniobra puntuetan gertu izan badira ere gero atzera geratu direlarik. San Pedro haseratik geratu da atzean, eta gainera Oriori bezala 3 segundoetako zigorra ezarri diete epaileek. Pedreña izan da sailkapenean hirugarren sailkatzea lortu duen ontzia. Hemen dituzue eskuragarri eta ikusgai, denboraldiko azken estropadako emaitzak: XXXV. El Corte Ingles banderako emaitzak.
TKE ligako azken estropada, Castrok irabazi du berriz ere. Txanda zoragarria eta ikuskizun itzela eskaini digute 2. txandako ontziek. Castro, Hondarribia eta Orio izan dira lehia estua hasi dutenak, izan ere San Pedro lehenengo luzean atzean geratu da dagoeneko. Oriok bi luze buruan mantendu baldin badu ere, hirugarren luzean Castro eta Hondarribiak aurre hartu eta pixkanaka diferentzia areagotzea lortu dute azken hauek. Guztiak lehen kalera etorrita eta Pedreñak 13 segundoetako diferentzia ateratzen ziotelarik 2.txandako buruei, aurrea hartu eta denboraldiko azken bandera poltsikoratzea lortu dute kantabriar gorriek. Hondarribia izan da bigarren helmugaratzen 2 segundoetako atzerapenarekin.
1. txandan Pedreña izan da jaun eta jabe. Urdaibai atzean geratu da lehenengo luzean, baita Zarautz ere. Kaiku izan da mantentzea lortu duena, nahiz eta gero atzera geratu den. Gauzak horrela, Pedreñak erlojuaren aurkako estropada bailitzan, sekulako denbora egitea lortu du beraren txandan, baita Orio eta San Pedroren aurretik sailkatzea ere.
Hona 2009. urteko TKE-San Miguel ligako sailkapena:
1. Castro 194 puntu
2. San Pedro 157 puntu
3. Hondarribia 155 puntu
4. Orio 152 puntu
5. Pedreña 145 puntu
6. Urdaibai 121 puntu
7. Kaiku 107 puntu
8. Zarautz 94 puntu
9. Tiran 69 puntu
10. Zumaia 59 puntu
11. Meira(*) 36 puntu
12. Arkote(*) 17 puntu
(*) Datorren urtean ez dute San Miguel-TKE ligan parte hartuko. Astillerok eta Pasai Donibanek lortu dute Play Off-en ondorioz hurrengo urteko txartela.
Amaitu da. Amaitu da traineru denboraldia. Baina iritsi da datorren denboraldia prestatzeko garaia. Iritsi da fitxaketen garaia. Zurrumurruak hasiak dira. Hala eta guztiz adi arraunzale!!! Gazteen txanda iritsiko da segituan! Izango da zer ikusia, zer kexatua eta zeresana Kantauri itsasoko kostaldean!!


