Entries For: October 2009
Jose Manuel Francisco Urdaibaiko entrenatzailea izango da 30/10/2009
Oraindik ofiziala ez den arren, Jose Manuel Francisco Bermeon arituko da entrenatzaile bezala. Astillerorekin kontratua du beste urtebetez baina lotura eteteko eskatu die Astilleroko buruzagiei. Horrela, Kantabriarren entrenatzaile izateko aukera handiak dituena Jon Salsamendi oriotarra da. Aulki mugikorrean emaitza onak lortu ditu azken urteotan eta denboraldi honetan traineruaren buru izango da ziurrena.
Santi Zabaletak Urdaibai utzi du. 29/10/2009
Xabier Bereziartua "Txato" Urdaibai utzi ostean beste arraunlari gipuzkoar batek agur esan dio Bermeoko taldeari. Santi Zabaleta arraunlariak Urdaibai utziko du eta arrauna uzteko ideiarekin dabil. Arraunlari beteranoa da eta hainbat urte eman ditu arraunlari moduan. Orion, Zumaian eta Bermeon aritu da 1989tik gaur arte.
Kike Lopezek ez du Zarautzen jarraituko 29/10/2009
Kike Lopezek Zarautzeko entrenatzaile izateari utziko dio. Asturiarrak urtebete eman du Zarautzen. Denboraldi zail samarra izan du. Lesioak tarteko ez du aukera handirik izan traineru egokiena ateratzeko. Beste estilo batekin etorri zen, arraunkada berriarekin baina ez du zorte handirik izan. TKE Ligan, zortzigarren postuan amaitu zuten. Postu polita baina gorago egoteko helburua zuten Enbatakoek.
Arraunlari Beteranoen Ligako azken estropada puntuagarria Baionan 28/10/2009
Datorren larunbatean, Urriaren 31ean, Baionako II. Bandera ospatuko da Baionako La Niive ibaian. 11.45etan emango zaio hasiera estropadari. Zortzigarren eta azken estropada izango da eta horrela Beteranoen Liga amaitutzat emango da. Ibaialdek antolatzen du estropada, Baionako udaletxearen laguntzarekin.
.
Pedreñak Espainiako Traineru Txapelketa antolatzea eskatu du 27/10/2009
2010eko Espainiako Traineru Txapelketa Marina De Cudeyon ospatzea nahi dute bertako agintariek. Severiano Ballesteros, herriko alkateak eta Francisco Javier Lopez Marcanok, kantabriako kirol zinegotziak eskaera igorri diote Espainiako Arraun Federazioari. 2007an Pedreñan burutu zen txapelketa eta berriro errepikatzea nahi dute.
Bizkaiko Arraun Federazioaren arbitrajerako ikastaroen hasiera 26/10/2009
Bizkaiko Arraun Federazioen arbitrajerako ikastaroak hasiko dira. Federazioaren arbitro eskolaren bitartez ospatuko dira. Urriaren 31ean izango da kurtsoa, Bizkaiko Arraun Federazioak Bilbon duen egoitzan. Goizeko 10etan emango zaie hasiera. Lau ordu iraungo ditu eta izena emateko epea urriaren 29a izango da. Apuntatzeko arraunbizkaia@euskalnet.net helbide elektronikora mezu bat bidali edo bestela 944 44 62 00 telefonora deitu.
Xabier Bereziartua "Txato", Castrora 26/10/2009
Castrok bere bigarren fitxaketa burutu du. Xabier Bereziartua "Txato" fitxatu du. Azkeneko hiru urteak Urdaibaien eman eta gero kantabriako bidea hartu du zestoarrak. Aurretik Orion eta Zumaian ibilia da. Fitxaketa honekin Castrok sekulako aurrerapausoa ematen du. Goi-mailako arraunlari bat gehitzen dio La Marinenari. Joseba Fernandezek eskertuko du kalitatea eta indarra duen arraunlari baten presentziak.
Castrok Jose Parada fitxatu du 23/10/2009
Castrok Jose Parada arraunlari galiziarra fitxatu du. Aurreneko fitxaketa du La Marinerak eta ez da azkena izango. Xabier Bereziartua, "Txato" arraunlaria ere Castroko bidea hartuko du. Joseba Fernandez gidatuko duen taldea, Azaroaren 16an hasiko da martxan. Ahalik eta arraunlari gehien izateko ahalegintzen ari da sanjuandarra.
Jose Pararda Palmeira de Riberan jaioa da, galizian. Puebla arraun elkartean hasi zen arraunean. 2001ean Cabo da Cruzera joan zen. Aurreko urte arte Boiron aritu ostean, aurten Tiranen jardun da. Urtebete Tiranen aritu ondoren, Castroren eskaintza onartu du. Galizian maila ona eman ondoren, talde indartsu eta sendo batera iritsi da.
Orioko ikastolak antolatutako estropada larunbatean 22/10/2009
Datorren larunbatean, herri estropada jokatuko da Orion. 17:45etan emakumezkoen hiru ontzi izango dira lehian, biko skull-ean, eta hori bukatu bezain laster, gizonezkoen traineru estropada egingo da. Estropada eremua, autopistako zubi azpitik hasi eta arranplara bitartekoa izango da. Gizonezkoek traineru estropada egingo dute bi traineru osatuta eta beteranoak eta egun arraunean dabiltzanak izango dira tostetan. Ikastolak, estropada aprobetxatuz, Javier Puertas eta Dionosio Redondori omenaldia egingo die bere kirol ibilbidearengatik. Informazio gehiago Karkaran aurkituko duzue.
Etxabe Pasai Donibanera bueltatuko da 22/10/2009
Juan Mari Etxabe, Castroko entrenatzailea izan zena, San Juanera bueltatuko da. Zuzendari tekniko bezala jardungo da talde arrosan. Azkeneko urteak Castron igaro ditu oiartzuarrak. Hasieran arraunlari moduan hasi zen baina entrenatzaile bezala amaitu du talde kantabriarrean. Paco Prieto presidente kargua utzi du aste honetan eta haren postua Antxon Sistiagak hartuko du. Entrenatzailea Igor Makazaga izaten jarraituko du eta zuzendari tekniko berria Etxabe izango da. Juan Mari Etxabek oso ondo ezagutzen du kluba. Pasai Donibanen hainbat urte pasa ditu arraunean eta badaki zer aurkituko duen abentura berri honetan. TKE ligara igo ostean, klubaren atal guztiak era egokienean gauzatzea da arrosen helburua. Fitxaketak burutzeko asmo sendoarekin daude eta dagoeneko arraunlari batzuekin hitz egin dute hurrengo denboraldiari begira. Harrobia eta esperientzia uztartzea da asmoa.
Getxo garaile Lemoizko II. Ikurriñean 21/10/2009
Aurreko larunbatean, Armintzan ospatutako beteranoen estropadan, Getxo izan zen garaile. Zazpigarren estropada puntuagarria izan zen, 2.800 metroko luzerako eremu batean ospatu zen. Lau luze eta hiru ziaboga burutu behar izan zituzten arraunlariek. Itsasoaren egoera ezinhobea izan zen, nahiz eta azken txandan haizea zertxobait altxatu.
Unai Vilches izango da Portugaleteko entrenatzaile berria 21/10/2009
Portugaletek, denboraldi berriari ekiteko entrenatzaile berria izango du. Unai Vilches izango da. Aurreko urteetan Arkoten ibili ondoren, etxera bueltatzeko eskaintza onartu du. Momentuz urtebeterako sinatu du. Unairen ustez, helburu bakarra dute nahiz eta beste taldeen maila zein den jakin arte balorazio pertsonalak alde batera utzi. Unai Vilchesekin jardun gara bere ikuspuntu eta helburuei buruz hitz egiteko.
Paco Prietok Pasai Donibaneko zuzendaritza uzten du 20/10/2009
Orion bezala, Pasai Donibanen ere presidente berria egongo da. Paco Prieto buruzagi historikoak, presidente kargua utziko duela argitara eman du. Ordua iritsi zaiola argi dauka eta horregatik belaunaldi berriari ateak irekitzeko unea dela uste du. Andoni Trecet eta Antxon Sistiaga izango dira seguroena ordezkatuko dioten pertsonak.
40 urte eman ditu Pasai Donibaneko zuzendaritzan Paco Prietok. Arrauna inor baino hobeto ezagutzen duen buruzagia bilakatu da. Presidente ezezik, entrenatzaile moduan ere aritu da sanjuandarra. Klubaren atal guztiak menderatzen dituen presidentea izan da. Azkeneko hiru urte hauetan bigarren mailan egonda gero, TKE ligara igotzeko helburuarekin hasi zuten denboraldia arrosek. Irailean helburua beteta, Prietok agur esaten dio arraunari.
Igon Lertxundi:"Arraunak lan asko exijitzen du" 19/10/2009
Ematen du atzo izan zela baina lau urte igaro dira Igon Lertxundi Orioko presidente izatera iritsi zenetik. Aurreko zuzendaritzen bidea jarraitu duela esan digu oriotarrak. Arrauna, bizitza bezala, etengabe aldatzen ari da eta goi mailan jarduteko lana ondo egiteaz gain, diru sarrera dezente izatea ezinbestekoa da. Lertxundik ondo daki zer suposatzen duen harrobian lan egiten duen klub batentzat aurreneko postuetan egotea. Igon Lertxundik agur esaten dio baina geroarte bat izatea espero du.
Urdaibaik Jon Albizu fitxatu du 16/10/2009
Urdaibaik Jon Albizu zarauztarra fitxatu du. Bermeoko taldearen bigarren fitxaketa da, eta dirudienez ez da azkena izango. Entrenatzaile bila dabiltza. ETBk aditzera eman zuen Jose Manuel Francisco izango zela baina momentuz ez dute ezer konfirmatu. Aurretik Alain Colunga fitxatu zuten.
Urte sabatikoa hartu ostean, Urdaibaiko tostetan arituko da Jon Albizu. Orain bi urte Orion aritu zen eta aurretik Trintxerpen. Pasaiako taldean hainbat urte egin eta gero Orioko bidea hartu zuen. Bou Bizkaiak burutu duen denboraldia eskasa izan da eta horregatik taldea sendotu nahi dute. Abendua arte ez dira taldeak osatuko baina Bermeo aldean ez dute denbora galdu nahi.
San Pedro eta San Juan berriro maila berean 14/10/2009
Gaurko arrauna eta mende aurreko arrauna ez dute antza handirik. Profesionalizatzen ari den mundua da eta garai batean erromantizismoak izan zuen pisua gaur egun galtzen hasia da. Baina erromantizismoa aipatzerakoan Pasaiako kanalaren bi alboetan dauden herriek ongi ulertuko dute zer suposatzen duen klub baten oinarriei eta baloreei eustea. Nahiz eta Pasaia herri bat izan, arrauna aipatzerakoan herri ezberdinak daude Pasaian.
XX.mendearen hasieran San Pedro eta San Juanek traineru bateratu bat ateratzea erabaki zuten. Traineru berriari "Pasajes La Unión" deitu zioten. Batasunak indarra ematen duela esaten dute gehienek baina kasu honetan guztiz kontrakoa gertatu zen. Nahiz eta Kontxako bandera eskuratu, bakoitza bere aldetik joatea adostu zuten. Zergatik? Bizitzan gauza batzuk daude elkarezinak, zientifiko batek ere argituko ez dituenak. 1935 urte arte ohikoak izan ziren moreen eta arrosen arteko lehiak. Aita Manuelek gidatzen zuen traineruak sei bandera segidan lortu zituen, gaur arte marka hori ez du inorrek hautsi. San Juanek ere Matxet patroi zuela, bandera dezente lortu zituen. Gerra ostean San Pedrok ez zuen garaipenik lortu, lehortea besterik ez. San Juanek trainerua mantendu zuen eta lau alditan lortu zuen Kontxako bandera. Baina benetako lehiak 80.hamarkadaren erdialdean hasiko dira.
Hibaika gaur hasten da martxan 13/10/2009
Hibaika arraun elkartea gaur hasten du denboraldia. Edo hobeto esanda, aurre denboraldia. Oreretako taldeak ez du denbora galdu nahi eta horretarako gaur hasiko dira pilak kargatzen. Klubaren helburu nagusiena aurten eman duten maila hobetzea izango da. Laugarren urtea izango da trainerua uretara botatzen dutela.
Beste helburuetako bat emakumezkoen trainerua ateratzea izango da. Arraunlari dezente daude eta taldea gauzatzea nahi du Hibaikak. Azkeneko urteotan, emakumeak arraunaren mundu honetan sartzen ari dira pixkanaka eta horregatik hainbat talde dira emakumezkoen trainerua atera nahi dutenak. Harrobiari begira ere, kategoria guztietan batela eta trainerilak ateratzea dute helburu, traineru nagusien etorkizuna ziurtatzeko.
Igon Lertxundi presidente izateari uzten dio 13/10/2009
Igon Lertxundi Orioko presidenteak, hurrengo urtean ez duela jarraituko aditzera eman du. Orain lau urte iritsi zen klubaren buru izatera baina aurtengoa azkenekoa izan dela argi du oriotarrak. Dedikazio asko behar duen postua da eta motibo horregatik eta atsedena hartzeko asmoarekin utziko du presidentetza.
Lau urte hauetan lortu duen garaipen garrantzistsuena 2007an lortutako Kontxa izan da zalantza izpirik gabe. 2000. urtean lortu zuten azkena oriotarrek eta zazpi urte igaro ondoren eskuratu zuten kantabriako bandera preziatuena. Horien helburua beti Kontxan izan da eta nahiz eta TKE ligan lan bikaina burutu Kontxako bandera izan da eta izango da urtero Mirotzaren erronka. Harrobiko lana ohikoa den moduan, ezinhobea izan da azken urteotan eta horretaz baliatuz, etorkizun oparoa dute.
Aurreneko mugimenduak 13/10/2009
Arraun denboraldia amaitu aurretik talde asko dira hurrengo denboraldirako pentsatzen hasten direnak. Dena ondo lotuta uztea ezinbestekoa da. Klubeko buruzagien ordua da, planifikazioa era egoki eta neurtu batean burutu behar dute. Hartzen dituzten erabakiek pisu handia izango dute denboraldi berriari begira.
TKEn, Kaikuk bere urrezko tripulazio guztia mantenduko du eta kalitatezko fitxaketek ere bere lekua izango dute talde bizkaitarrean. San Pedroko arraunlari bat fitxatu nahian dabiltza. Castron, Joseba Fernandez izango da entrenatzaile berria. Gorritxoen helburu nagusia aurtengo tripulazioa mantentzea izango da, hori lortuta asko dute irabazita. San Pedron, Aitor Baldak agur esango dio arraunari eta honen postua Gabi Larrinagak hartuko du. Alex Udabek urte sabatikoa hartzeko asmotan dago, beste arraunlari batzuk eskaintza onak dituzte. Gabik argi dauka arraunlari batzuen irteerak beste arraunlari batzuen etorrera suposatuko duela eta dagoeneko arraunlari batzuekin hitz egiten hasia da. Hondarribian, Mikel Orbañanosek jarraituko du prestatzaile bezala. Orion, Aizperro izango da beste urtebetez entrenatzaile. Alain Colunga galdu dute baina harrobian dauden arraunlarien maila ikusita ez dute zertan larritu beharrik.
Urdaibaien Jose Manuel Francisco da hizpide. Nahiz eta ofiziala ez izan, Bermeotarren prestatzailea izango da. Alain Colunga fitxatu dute. Zarautzen Enrique Lopez bigarren urteari ekingo dio, aurten ezarri duen arraunkadari jarraipena emateko helburuarekin. Pedreñan, fitxaketen inguruan zurrumurru dezente baina oraingoz berri gutxi. Zumaian ere albiste gutxi. Pasai Donibanen, Igor Makazaga, KAE ligan bezala, TKEn ere arrosen entrenatzailea izaten jarraituko du. Astilleron, Jon Salsamendi oriotarra izan daiteke prestatzaile berria eta Tiranek aurtengo tripulazioa mantentzen badu lorpen handia izango da galiziarrentzat.
KAE ligan aldiz, mugimendu gehiegi ez dira espero. Santurtzin, Ibon Gaztañazpi aurten ekin zion proiektu berriari jarraipena emateko helburua du eta horretarako igotzea izango da moreen erronka nagusia. Camargon, Ibon Urbietak ez du jarraitzeko asmo handirik.
KAE 2 ligan, ere albiste gutxi. Ikusi beharko da klub batzuk bigarren traineru bat ateratzeko asmoa duten eta talde batzuen egoera nolakoa den.
Zumaiako amets gorria 11/10/2009
25 urte igaro dira Zumaiak Kontxa lehenengo aldiz irabazi zuenetik. 1984ko denboraldi hartan Telmo Deunek erabateko nagusitasuna erakutsi zuen, jokatutako bandera guztiak irabaziz. Garai arrakastatsu horiek gogoratu dituzte Baleike aldizkariko azken alean, eta guk ere balentria hura gogoratu nahi izan dugu. Taldearen sekretua arraunlarien arteko giro ederra eta taldearen indarra eta batasuna omen ziren. Gaur egungo Zumaiako entrenatzaile bera izan zen garai hartako entrenatzaile, Luxia ospetsua, eta berak ere izango zuen noski, garaipen guzti horietan zerikusia. Bejondaiela! Ia ez diren beste 25 urte pasatzen Zumaiak berriz ere Kontxa irabazteko.


Kontxako estropada [1.jardunaldia]

