Igon Lertxundi:"Arraunak lan asko exijitzen du"
Ematen du atzo izan zela baina lau urte igaro dira Igon Lertxundi Orioko presidente izatera iritsi zenetik. Aurreko zuzendaritzen bidea jarraitu duela esan digu oriotarrak. Arrauna, bizitza bezala, etengabe aldatzen ari da eta goi mailan jarduteko lana ondo egiteaz gain, diru sarrera dezente izatea ezinbestekoa da. Lertxundik ondo daki zer suposatzen duen harrobian lan egiten duen klub batentzat aurreneko postuetan egotea. Igon Lertxundik agur esaten dio baina geroarte bat izatea espero du.
Zein da lau urte hauetako balorazio pertsonala?
Balorazio ona. Hiru asmo edo helburu genituen. Bata, klubaren kategoria guztietan lan ona burutzea. Infantilak, kadeteak, Jubenilak eta txikiekin egin beharreko eginkizunak ondo burutzea. Bestetik, aulki mugikorrean emandako maila mantentzea eta hobetzea. Oriorentzat arrauna ez da bakarrik trainerua ateratzea baizik eta arraunak dituen modalitate ezberdinak garatzea eta ikuspuntu horretatik kontentu gaude. Eta azkenik traineru nagusiari ahalik eta etekin handiena ateratzea. Aurreko direktibek egindako lanaren jarraipena izan da.
Oso gazte iritsi zinen presidente izatera, erronka handia ezta?
Erronka handia zen neretzat zalantzarik gabe. Nahiz eta aurreko urtean direktiban egon, presidente izateak beste ardura batzuk izatera derrigortzen dizu. Ez nintzen oso kontziente izan momentu hartan baina proposatu zidatenean konfiantza handia nuen neregan eta aurrera joatea erabaki nuen.
Halako postu batek asko erakusten al du?
Ikaragarri. Gauza asko erakusten dizu. Orio bezalako klub batean hartutako erabakiek sekulako garrantzia dute. Eta hartzen diren erabakiak batzuentzat ez dira egokienak izango eta besteentzat aldiz, guztiz kontrakoa. Klubaren interesak defenditu behar ditugu eta horrek lana era egoki eta neurtu batean egitera behartzen gaitu. Arrauna ez da arratsaldetan klubera joatea, entrenatzea eta etxera bueltatzea. Arraunak beste gauza asko ditu eta egunero suertatzen diren arazo eta gai guztiak ongi kontrolatzea eta konpontzea suposatzen du. Arraunak lan asko exijitzen du.
Nola uzten duzu Orio Arraun Elkartea? Zein da klubaren etorkizuna?
Nere ustetan momentu onean. Oriok duen papeleta zaila da gaur egun. Gure filosofia harrobian oinarritzen da eta horregatik beste talde batzuek baino desabantaila handiagoa daukagu zeren eta Oriok ez dauka dirurik eta horren aurrean beste klub batzuk baino zailtasun handiagoak ditugu. Hala ere, harrobian burututako lanak goi mailan egoteko aukera ematen digu. Etxeko arraunlariak maila handiko arraunlariak dira eta beraiekin urteetan eginiko lanak ordainsaria du.
Harrobia aipatu duzu. Hala ere, arraunak beste bide bat hartu duela dirudi. Dirua dagoen lekuetan aukera gehiago dute banderak lortzeko.
Zaila da egoera. Harrobian lana egitea ona da eta etorkizunari begira ere badakizu nora joan garai txarrak datozenean. Horregatik kluba beti irekia egon beharra dauka baina bere oinarriak mantenduz. Gazteekin lan egitea ezinbestekoa da talde baten biziraupenerako. Harrobian oinarritutako proiektu batek etorkizun hobea izango du.
Arraunean diru gehiago sartuko da edo atzera buelta emango da, orain dela hogei urte bezala?
Atzera buelta hori emango da ziurrenik. Dirua ez da beti egongo eta gaur egun dirua dagoen lekuetan hiru urte barru ez da ezer egongo. Proiektu hauek bakarrik hiru edo lau urteko iraupena izaten dute. Arraunak hartu duen bidea, ibilbide motzekoa izango dela uste dut. Horrek ez du esan nahi traineru batean herriko jendea egon behar duela nahitaez, baina garai baten egondako aldeak berreskuratuko direla seguro nago.
Harrobia lantzen duten klubek babes handiagoa izateko eskubidea dute, lege batzuk aldatuko zenituzke?
Neurriak hartu behar direla arraunlari gazteak babesteko argi dago. Baina arraunlariari ere ezin zaio gogoz kontra klubean mantendu. Arraunlariak erabaki behar du nora joan eta nora ez. Guk horren aurrean ezin dugu gauza askorik egin. Arraunlari propioen legea ongi dago eta alde horretatik ez dago arazo handirik.
Baina 20 urteko arraunlari bat beste klub batera joaten bada beste klubean eskaintza hobea duelako, kasu hauetan legea aldatzeko aukera egon beharko luke, etxeko arraunlaria babesteko ezta?
Zaila da. Klubak ezin du arraunlariari hau ala bestea esan. Arraunlaria, berak hartzen du erabakia eta kluba horren aurrean ezer gutxi egin dezake. Ez da berdian 35 urterekin alde egitea edo 20 urterekin. Kasu ezberdinak daude, harrobia lantzen dutenek babes gehiago izatea ondo legoke, azpiko taldeetan egiten den lana baloratzeko eta errespetatzeko. Baina egoera zaila da. Futbolean arautua dago baina arrauna...
Etorkizunean bueltatzeko asmorik edo behin behitiko agurra al da?
Behin behitikoa ez. Agian etorkizunean aukera baldin badago animatuko nintzateke. Gaur egun lanak ez dit denbora uzten beste asunto batzuetan aritzeko. Hala ere, zuzendaritza berriari laguntzeko prest nago eta muturra sartuko detela ere argi daukat, ez lehen bezala baina edozertarako laguntzeko eta kolaboratzeko baldin bada ere hor egongo naiz.
Oriok, 31 Kontxako Bandera lortu ditu, TKE Liga aldiz, ez du eskuratu oraindik. Aukeratzekotan, TKE Liga ala Kontxa oraindik?
Ni Kontxa nahiago dut. Oriotar batek ere seguroena Kontxa nahiago du. Nahiz eta TKE Liga oraindik ez irabazi, Kontxa Kontxa da eta alde horretatik ez dago zalantzarik. Egia da TKE Liga irabazten duena erregularrena dela baina Kontxak gauza asko ematen ditu eta Oriori asko eman dio.


