Xabier Bereziartua "Txato", Castrora
Castrok bere bigarren fitxaketa burutu du. Xabier Bereziartua "Txato" fitxatu du. Azkeneko hiru urteak Urdaibaien eman eta gero kantabriako bidea hartu du zestoarrak. Aurretik Orion eta Zumaian ibilia da. Fitxaketa honekin Castrok sekulako aurrerapausoa ematen du. Goi-mailako arraunlari bat gehitzen dio La Marinenari. Joseba Fernandezek eskertuko du kalitatea eta indarra duen arraunlari baten presentziak.
Aurten emandako maila ez zuten espero ematea Bermeo aldean. Denboraldi eskasa burutu dute Bou Bizkaiakoek eta arraunlari batzuen etapa amaitu dela argi dute Urdaibaiko buruzagiek. Alain Colunga eta Jon Albizu fitxatu dute eta ez dira azkenak izango. Entrenatzaile posturako ematen zuen Jose Manuel Francisco zela hautagai nagusiena baina oraindik ez dute ezer konfirmatu. Entrenamenduak hasteko garaia da eta horretarako klubek ez dute azken momentura arte itxoin nahi.


