Aurrerantz ala atzeraka?
Hona hemen aste honetan Gaizka Garmendia patroiak Berria egunkariko Nire Txopatik zutabean idatzitakoa:
Kaixo, lagun, harrituta? Zer da, orain estropadak neguan jokatzen hasi al dira edo! Bai, bai, garai honetan ere estropadak jokatzen dira; galdetu bestela aulki mugikorreko eta bateletako arraunlariei. Eta zurrumurruez zer? Batzuek hamar fitxaketa egin dituztela, hari honenbeste eskaini diotela, han denek utziko dutela, bestean haserre dabiltzala, halako zorretan daudela... Kontu horietaz... ba ... hori... zurrumurruak direla. Amen hitzaren antzera, omen ere gutxiago erabiltzen dugula alegia.
Duela gutxi San Miguel ligako taldeetako ordezkariak Arantzazun elkartu dira elkartearen nondik norakoak erabakitzeko. Eztabaida handia izan omen dute. Argi dago bost taldek arrauna merkatu libre gisa ulertzen dutela, eta besteek, aldiz, ahalmen ezagatik edo ohituragatik ez dute hala gertatzerik nahi.
Arraun mundua oso denbora gutxian asko aldatu da, eta elkarte asko egokitu ezinik dabiltza. Lehen, arraunlarien borondatea nahikoa zen talde lehiakorra osatzeko. Orain ez, ordea; orain, sosak behar dira, eta milaka asko, gainera. Nola bildu hainbeste diru? Eta nola lehiatu halako hiru edo bost dituenekin? Askok pentsatuko duzue hau kirol guztietan gertatzen dela, baina jaun-andreok, gurea ez da kirol profesionala!
Desoreka horri aurre egin nahian, hainbat lege sortu dira, baina araudi hori ez da betere justua, sortu zenean jatorrizko taldeetan zeuden arraunlariak diskriminatzen dituelako.
Zer egin orduan? Harrobia bultzatu.
Baina harrobi lana al da zerrendako hogei arraunlarien artetik elkartean sortutakoak bizpahiru izatea? Eta gazteen mailakoei edo arraunlari berriei elkarteen aurrekontuen %5 ere ez eskaintzea?
Amaitzeko, gogoratzen Euskadiko Txapelketaren inguruko saltsa? Konponbidea? 2010ean Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketak uztaileko asteazken buruzuri banatan jokatzea.
Aurrerantz goaz ala atzerantz goaz?



elkarteak deskriminatuak