Oriok onenen artean jarraitu nahi du
Gaur goizean, Orio Arraun Elkarteak bere taldeak aurkeztu ditu Orioko herriko plazan. Mutilen bi traineruak eta aurten aurreneko aldiz aterako duen emakumezkoen ontzia aurkeztu ditu zaleen aurrean. Urteak joan, urteak etorri arraunaren goi mailan mantendu den kluba izan da Orio, eta horregatik denboraldi honetarako ere onenen artean jarraitzeko helburuarekin ekingo dio. Harrobian oinarritzen den taldea izan da, beste klub batzuek behar ez duten denbora behar dute oriotarrek gazteekin lan egiteko. Badakite filosofia horrekin etorkizuna ziurtatua dutela, baina aldi berean ahalmen ekonomiko handiagoa duten taldeekin lehiatzea zailagoa egiten zaie gaur egun. Hala ere, gogo eta ilusio handiarekin daudela igartzen zaie. Azken finean, Oriorentzat eta oriotarrentzat bizitzeko modu bat da arrauna, eta hori azken 100 urte hauetan lortu duten hainbat garaipenetan islatzen da.


