Getariak merezi du
Bi urte trainerua gordeta egon ostean, proiektu berri bat martxan jarri da Getarian denboraldi honetan, eta proiektu horren lehenengo fruituak ikusi ditugu gaur Mundakan. Aurreko astean esaten genuen pozgarria zela Getariako trainerua berriro lehiatzen ikustea. Gaurkoan, aldiz, parte hartzeaz gain, Getariarrei estropada bat irabazten ikustea albiste ona da arraunarentzat. Getaria Arraun Elkarteak eta Getariako herriak merezi dute beraien ontzia bandera bat astintzen ikustea. Taldeak behar duen babesa lortzeko ezinbestekoak dira emaitza onak, eta gaur jada lehenengo harria jarri dute. Bigarren postuan Zumaiako bigarren taldea sailkatu da hamar segundotara. Zumaiarrek lan bikaina burutu dute. Hirugarren postuan Donostiarra B iritsi da 19 segundotara. Sailkapen orokorrean getariarrak dira aurrenak 26 punturekin, Santoñarekin berdinduak. Hurrengo estropada datorren igandean jokatuko da Donibane-Lohitzunen. Emaitzak eta sailkapenak.


