Endika Alberdi, San Juaneko arraunlaria:"Bigarren txandan aritzeko aukerak ditugu"
Neguko eta aurredenboraldiko estropadetan maila bikainean aritu den taldea San Juangoa izan da zalantzarik gabe. San Miguel ligan arituko dira denboraldi honetan, hiru urte KAE ligan ibili ostean. Maila mantentzea izango da arrosen helburua, eta gogo eta ilusio handiarekin daudela igartzen zaie sanjuandarrei. Hori egiaztatzeko Endika Alberdi, San Juaneko arraunlariarekin mintzatu gara.
Orain arte eginiko estropadetan maila ezinhobea eman duzute? Espero zenuten horrela ibiltzea?
Espero genuen maila ona ematea. Badakigu San Miguel ligan lehiatzeko asko entrenatu behar dela, eta hasieratik bai kluba eta baita arraunlariak ere lana gogotik egin behar genuela bagenekien. Taldea behar den bezala erantzuten ari da oraingoz, baina larunbatetik aurrera ikusiko da zein den traineruen benetako maila.
Fitxaketek eragina izan al dute taldearengan?
Bai, noski baietz. Sartu diren arraunlari beteranoak traineruari behar zuen "plus" hori eman die, eta gainera arraunlari onak izateaz gain, esperientzia asko duten arraunlariak dira. Liga gogorra eta luzea da, eta taldean momentu bakoitzen zer egin behar den aholkatzen duen jendea egotea beharrezkoa da.
Maila mantentzea izango da zuen helburu hasiera batean, baina ikusitakoaren arabera erraz beteko duzue helburua.
Hemen arraunean egin beharra dago, eta gero gerokoak. Gu igo berriak gara eta lasaitasun osoarekin ekin beharko diogu ligari. Estropadetan dena ematera aterako gara. Zeozer gehiago egitea nahi dugu, beste taldeek bezala. Zaila izango da baina maila ona ematea espero dugu. Ohorezko txandan sartzea ezinezkoa da, baina bigarren txandan egoteko aukerak ditugula uste dut.
Bilbon egon zinaten entrenatzean aurreko astean. Nolako estropada espero duzue?
Gogorra, oso gogorra. Marea berdin baldin badago estropada ez da erraza izango. Errekan egiten diren estropadetan indarra duten ontziek gailentzen dira normalean, eta larunbatean ere indarra dutenek ibiliko dira ondoen. Gure taldeak indarra du, eta konfiantza osoarekin ekingo diogu estropadari.
Zure aurreneko urtea da San Miguel ligan, urduri?
Urduri seguru baietz. Ez det inoiz egin arraun liga honetan, eta inguruan dauden taldeak ikusita aldaketa nabaria izango dela argi daukat. Baina urte dezente daramat arraunean, nahiz eta oraindik gazte izan. Esperientzia polita izango da zalantzarik gabe.
Zer moduzkoa da taldeko giroa?
Taldeko giroa oso ona da. Aurreko urtean giroa ere bikaina zen baina aurten askoz hobea. Zuzendaritzak era kriston laguntza ematen digu, beti daude arraunlariaren gainean eta eskertzekoa da duten jarrera. Daukagun giroa ezinbestekoa da gauzak ez direnean ondo ateratzen, bata besteari laguntzeko.
San Pedro eta San Juan berriro maila berean...
Pasaitarren lehia oso polita da eta arraunak horrelako lehiak behar ditu. Hala ere, nik uste det aurretik ibiliko garela, zeren eta gure aurretik ibiltzeko asko ibili beharko dute.
Kontxarako sailkatzeko aukera duzuela uste duzu?
Bai, zalantzarik gabe. Helburua horixe da. Ligan maila ona eman eta Kontxarako sailkatzea dira gure helburu nagusienak. Ikusiko beharko da nola aurkitzen garen irailean, baina espero det lehian egotea eta Kontxako estropadetan arraun egitea.
Motzean
Arraunlari bat: Karlos Mendizabal
Patroi bat: Juan Carlos Fontan
Estropada bat: Bermeoko estropada
Traineru bat: Astillero
Leku bat: Pasai San Pedro
Bidai bat: Inglaterra
Amets bat: Kontxa irabaztea



Eta Ohorezko txandan ere