Urdaibaik ez du amore ematen
Gaur Getxon jokatu den estropadan, Urdaibaik garaipen bikaina lortu du. Estropada irabazteaz gain, sailkapen orokorrean sekulako aurrerapausoa eman dute Jose Manuel Franciscoren mutilek. Hiru puntura hurbildu zaio Oriori sailkapen orokorrean, eta San Miguel Liga erabat estutu dute bermeotarrek. Orio seigarren postuan sailkatu da, eta puntu dezente galdu ditu Urdaibairen mesedetan. San Juan bigarren postuan sailkatu da, eta liga hasieran emandako maila eman dute gaurkoan arrosek. Denboraldi ikaragarria egiten ari den taldea Tiranekoa da. Laugarren postuan amaitu dute estropada zazpi segundotara. Pedreñak ere lan txukuna burutu du, eta hirugarren tokian sailkatu dira kantabriarrak. San Pedrok hiru segundoko zigorra jaso du, irteera txarra burutzeagatik, eta erabaki honen ondorioz, seigarren postutik zortzigarren postura igaro da. Aurreneko txanda Kaikuk irabazi du. Bihar, Zumaian, San Miguel Ligako 10.jardunaldia jokatuko da eguerdiko 12:00etan. Emaitzak eta sailkapenak.


