Ricardo Unzueta Urkira itzuli da
Zuzendaritza guztietan beharrezkoak izaten dira aldaketak eta Ur-Kirolaki ere iritsi zaio bere garaia. Iñaki Aranak hartu zuen klubeko presidente postua 2003an, Ricardo Unzuetaren lekua hartuz. Zazpi urte geroago, Unzueta bera itzuli da Aranaren hutsunea betetzera. Irutxuloko Hitza biekin elkartu da Urkik Loiolan duen egoitzan eta euren bizipenen berri jaso du. Presidente postua hartu aurretik, biak ere gaztetan arraunean aritu ziren eta oso ongi ezagutzen dute klubaren egoera.
Orokorrean arraunaren egoerari dagokionean, Unzuetak bere ikuspegia argi dauka. Beretzako arazo handiena diru falta da. Askotan traineru kontuan diru asko dagoela esaten da bere ustez,
baina berak ezetz dio. Beheko mailetatik gazte gutxi ateratzen ari direnez, arraunlariak alde batetik bestera bueltaka dabiltzala dio sendo Unzuetak. Hitz batean, krisian murgilduta ikusten du arrauna. Hala ere, etxera begira, nahiko pozik dago, lanean ari direla eta beheko mailetan nahiko jende mugitzen ari direla dio, beheko lana beharrezkotzat jotzen baitu gora egiteko. Izan ere, 40 arraunlari inguru mugitzen ditu Urkik gaur egun eta, Aranaren ustez,
beharrezkoa da halako kopuruetan mugitzea zerbait lortzeko. Hala ere, argi dauka horrek ez duela etorkizuna bermatzen. Zortea eta jendea mantentzea beharrezkoak dira Aranarentzat.
Edonola ere, argi dago Urkiko gazteek, Fortunakoen eta Arraun Lagunakekoen moduan, aurrera jarraitzekotan, traineruan arraun egitea dutela helburu. Donostiako traineru bateratua osatu zela urte batzuk igaro dira, baina Aranak eta Unzuetak Donostiarraren etorkizun hurbila ez dute oso oparoa ikusten. Goian egoteko fitxaketak egitea beharrezkotzat jotzen dute, baina gauzak dauden moduan badakite zaila dela. Aurten ere zaila ikusten dute Donostiarra TKE
Ligara igotzea, hainbat klubek fitxaketa handiak egin dituztela baitiote: Santurtzi, Portugalete… Aranak, esaterako, futbolarekin egin du konparaketa, Reala eredutzat hartuta. Bere ustez, Realak egin duena bezalako zerbait egin beharko lukete, harrobia eta fitxaketak nahastuz.


