Zumaiako 8 arraunlari gizon probetan.
Ikustekoa izango da larunbat gauean, 22:00etatik aurrera, Zestoako plazan jokatuko duten gizon-proba. Zumaiarrak eta zestoarrak ariko dira elkarren aurka eta, oraindik egun batzuk falta badira ere, tentsioa izugarria da haien artean, baita lehia gertutik jarraitu nahi duten herritarren artean ere.
Urria aldera hasi zen apustu hau mamitzen. Zumaiarrek egin zieten proposamena zestoarrei, eta izugarri gustatu zitzaien ideia haiei. Izan ere, Zumaiako taldea arraun taldeko kirolari profesionalek osatzen dute eta horrek zeserronkaren maila ez ezik, motibazioa ere areagotu egin zion zestoarrei.
Bi bileraren ostean adostu zituzten baldintzak. Zortzi laguneko taldeak
izango dira, eta 650 kilotan sartuta egon beharko dute-. Pisaketa
arratsaldean bertan izango da. 800 kiloko harriarekin egingo dute 20
minutuko saio bana, eta txanden ordena zozketaz erabakiko dute pisaketa
garaian. Zumaiarrek hiru plazako abantaila emango diete zestoarrei, eta
horrek eragina izan dezake.
Apustua ez litzateke apustu izango, ordea, dirua tarteko ez balego. Hala, larunbateko gizon-proban talde bakoitzak 5.000 euro jarriko ditu jokoan. Zumaiarrek babeslea topatu dute, zestoarrek aldiz, taldean jarriko dituzte 5.000 euro horiek.
Zumaiarrak oso berandu hasi ziren entrenatzen eta lau bat saio egin dituzte. Urretxun entrenatu dute, botileroa hangoa baitute eta han baitu harria hark. Urte hasieran Zumaiako arraunlariek gizon-proba jokatu zuten
Zumarragan, eta irabazi egin zuten. Larunbatean Zestoako plazan ariko
dena orduko taldea da, ia osorik. «Orduan 12 ginen eta orain 8 izango
gara, eta horietatik bakarra da berria», azaldu du Iñaki Larrañaga
arraunlariak.
Abantailari dagokionez, «zestoarrek ere esaten digute, guk urte guztia daramagula entrenatzen, 20 minutuko estropadak egiten ditugula eta hau ere 20 minutuko saioa izanik, errazagoa dela guretzako», diote. Baina zumaiarrek ez dute hain argi ikusten. Are gehiago Zestoakoei emango dieten hiru plazako abantaila kontuta hartuz gero.
Dena den, eta talde bakoitzak 5.000 euro jokoan jarriko baditu ere, ez du Larrañagak horrenbesteko lehia ikusten: «Saltsa probatu genuen eta gustatu egin zitzaigun, baina ez goaz plazara ‘gu haiek baino gehiago gara’ esateko».
Zestoarrei ez zaizkie larunbata iristeko gogoak gorputzeak kabitzen. Harriarekin bederatzi entrenamendu egin dituzte asteotan, eta harririk gabeko saio fisikoak ere egin dituzte. «Eliteko jende profesionalaren pare eta gogor entrenatu dugu. Hori hala, dena ematera aterako gara plazara», dio Asier Lizaso Zestoako taldekoak. Zestoako mutilak ez dira kirolari
profesionalak, baina kirolari oso lotuta daude denak.
Hain justu, profesionalak ez direlako, lehiarako gogo handiagoa dute.
Lizasoren ustez «faboritoak izatea» dute alde. Dena den, «gero plazan
erakusten badute gu baino gehiago direla, zorionak eman eta burua
jaistea besterik ez zaigu geldituko», onartu du zestoarrak.
Ezin da ukatu beren alde dutela hiru plazako abantaila ere; zestoarren
eskaera izan zen hain justu. «Akuarrekin 2008an jokatu genuenean bi
plazako abantaila eman genien, eta gure ustez alde handiagoa dago Zumaia
eta Zestoaren artean, Zestoa eta Akuaren artean baino. Horregatik
eskatu ditugu hiru plaza».
Zestoarrek argi dute helburua: «Irabaztea». Noski, herrian izatean, festa giroa sortzea ere probaren helburuen artean dute mutilek.
Zestoarrek adierazi dutenez diru dezente ari da mugitzen apustuarekin. Tabernatan porrak daude eta Kirol Jokoako makinetan ere apustuak egiteko aukera dago. Haietan, Zestoakoen kasuan, euroa euroaren truke irabaziko da, zumaiarren aldeko apustuetan aldiz, jokatutako 0,65 euroko euroa
irabaziko da. Makinetan, beraz, Zumaia da faborito.
Zestoa eta Zumaiaren arteko gizon-probaz gozatzeko sarrera 10 euro kostatzen da.Aldez aurretik eros daitezke Azpeitiko Iraurgi SB tabernan, Zestoako Koiote, Txoko eta Uztapide tabernetan eta Zumaiako Kalari Tabernan.
Egunean bertan ere izango dira salgai sarrerak, udaletxeko aurkupetan.



Karteletako argazkietan