Kaikuko Asier Zurinaga 2011ko patroi onena
Gaur urriak 19 banatu da Zarauzko Ondartza elkartean 2011ko Patroi Onenaren Mapfre saria. Zurinagak 31 puntu bildu ditu denera, bigarren sailkatuak baino 10 puntu gehiago. Hondarribia Orsako Joseba Amunarriz, hain zuzen ere. 3. postua Urdaibaiko bikoteak lortu du: Lur Uribarren eta Gorka Aranberri. Bikote horrek 15 puntu lortu ditu. Patroi onenaren saria erabakitzeko ondoko datuak biltzen dira GPS-aren bitartez: batetik ontziek arraun egin duten txandan osatutako distantzia osoa, metrotan. Eta bestetik, ziabogak osatzeko behar izan duten denbora. Lehen neurketak, aurkariek baino metro gutxiago ze ontziko patroik egin duen esaten du. Bigarrenak, aldiz, ziaboga egiteko behar izan duen denbora erakusten du. Horretarako, ziaboga egiten hasi aurretik hasten da neurketa, 50 bat metro lehenago, eta ziaboga egin ostean bukatu, 50 bat metroko tartea osatu ostean. Datu honek ziaboga egiten hasi denean ontzia ze abiaduran doan, ziaboga nola eman duen, eta irteeran lortu duen abiaduraren berri ematen du.


